Durangoko galdeketa

Tren geltokiaren galdera zein izango den hilabete honetan erabakiko du Durangoko udalbatzak

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 14a, 13:00

Erabaki plataformak galdeketarako lau proposamen erregistratu ditu Durangoko udalean. Udalbatzako indar politikoek batzordeetan aztertuko dituzte hurrengo astean, eta hilabete honen bukaeran egitekoa den osoko bilkuran hartuko dute behin-betiko erabakia. Orduan jakingo da zein izango den Durangoko herritarrei planteatuko zaien galdera. Udalak eskertu egin du Erabaki plataformak izandako jarrera, eta eskertu egin ditu erregistratutako proposamenak.

Pilota, udalaren teilatu gainean dago. Erabaki plataformak tren geltoki zaharraren galdeketari lotutako lau galdera proposamen idatzi, eta Durangoko Udalean erregistratu ditu. "Datorren astean udaletxean ospatuko den batzorde irekian aurkeztuko dira galdera horiek, eta hilabete bukaeran ospatuko den osoko bilkuran zehaztuko da galdeketaren behin betiko galdera", eman dute jakitera plataformako kideek. Udal gobernu taldeak ere asmo eta epe berak berretsi ditu. Proposamenak datorren asteko batzordeetan aurkeztuko dizkie udalbatza osatzen duten alderdi politikoei. Hile honetan egingo den osoko bilkuran erabakiko da azkenik, zein izango den herritarrei planteatuko zaien galdera. Gero, galdeketaren prozesuak Madrilen segituko du, hango ministerioen filtroa pasa beharko baitu.

Lau galdera proposamenak

Hauexek dira plataformak erregistratutako lau proposamenak:

1- Ados al zaude gaur egun onartuta dagoen proiektua (PERI 1 Ferrocarril) bertan behera uzteaz eta durangar ororen parte-hartzez eta Durangoren beharrizanei erantzungo dion proiektu bat egiteko prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzeaz? 

2- Ados al zaude (PERI 1 Ferrocarril) proiektua bertan behera uzteaz eta prozesu parte-hartzaile bat izango duen alternatiba bideragarri baten azterketa martxan jartzearekin? 

3 -Ados al zaude gaur egungo PERI 1 Ferrocarril proiektua bertan behera uzteko eta HAPO barruan, proiektu berri bat erabakiko duen prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzearekin? 

4- Ados al zaude HAPO barruan, PERI 1 Ferrocarrilerako proiektu berri bat erabakiko duen prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzearekin?

Esker oneko berbak

Udal gobernu taldeak eta Erabaki plataformak eskerroneko berbak izan dituzte elkarrenaganako.  "Badakigu ez dela erraza izan, baina borondate politikoarekin gauzak aurrera atera daitezke. Urte eta erdi eman ditugu galdeketa hau egiteko eskatzen, eta gaur atzo baino gertuago gaude", azaldu du plataformak.

Udalak ere, Erabakik egindako lana eskertu eta begi onez ikusi ditu egindako galdera proposamenak. Durangoko herritarregaz batera gobernatzen segitzeko asmoa berretsi du ohar batean: "Bi aldeon hautua oso argia da: Durangarrok gure herriaren etorkizunaz erabaki nahi dugu, eta hori errealitate bihurtzeko egon ahal ziren oztopo guztiak gainditu behar ditugu. Aurrekolegegintzaldian esan genuen eta orain berretsi egiten gara: durangarrekin batera
gobernatu nahi dugu". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!