Durangoko hainbat musika elkartek Kulturalaren mendeurrena ospatzeko kontzertu berezia antolatu dute zapaturako

Maialen Zuazubiskar 2019ko aza. 13a, 09:20

Durangoko hainbat elkarte kulturalek zapaturako kontzertua berezia antolatu dute Andra Maria basilikan, 20:00etan. Aurten 100 urte betetzen dituen Kulturalari omenaldi bat egin asmoz, Herri Maitek, Arandoñok, Jaizalek eta Durangoko Orfeoiak elkarlanean kontzertu berezi bat antolatu dute. Guztira Durangoko 60 bat musikarik parte hartuko dute.

"Iñaki Loinaz San Faustoko parrokoak Kulturalaren mendeurrena ospatzeko zerbait egin genezakeela esan zidan, haria hartu nion eta hortik sortu dugu zapatuko ekimena", azaldu zuen atzo emandako prentsaurrekoan Fernan Bilbao Kulturaleko presidente ohiak. Kulturaleko egungo presidenteak, Jon Andoni Bengoetxeak, berriz, eskerrak eman zizkien iniziatiba izan duten elkarteei. "Harro gaude Durangoko elkarteek gure mendeurrena kontuan izan dutelako, guretzat ohore bat da maitasunetik sortutako jaialdi baten parte izatea. Durangarrei bertaratzeko deia egiten diegu", esan zuen presidenteak.

Antonio Nuñez Herri Maiteko zuzendariak jakitera eman zuenez, kontzertua Felix Arkarazok aurkeztuko du eta hainbat multzotan banatuta egongo da. Gainera, kontzertuari amaiera Orfeoiak, Jaizalek eta Herri Maitek batera jotako abestiegaz emango diote. "Durangotik eta durangarrentzat sortutako kontzertua izango da", esan zuen Nuñezek.

Beteranoen partidua
Bestalde, domekan, 12:00etan Kulturaleko beteranoek Athleticeko beteranoen aurkako partidua jokatuko dutela Tabiran jakitera eman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!