Durangoko hiru etxetan lapurreta egiteagatik pertsona bi atxilotu ditu Ertzaintzak

Joseba Derteano 2019ko aza. 12a, 16:08

22 eta 25 urteko gizonezkoak Barakaldon atxilotu zituzten, atzo.

Etxebizitzetan lapurretan aritzen den gaizkile-talde bateko kideak direla uste du Ertzaintzak, ohar batean azaldu duenez. Bi hilabetez luzatu den ikerketa baten emaitza dira atxiloketak. “Taldea jatorriz albaniarrak diren sei bat gizonezkok osatzen dute. Ikerketei esker identifikatu ahal izan ziren taldeko hainbat kide eta jakin ahal izan zen taldea Barakaldo erdiguneko etxebizitza batetik mugitzen zela”, azaldu dute oharrean.

Gainera, agenteek Barakaldoko etxea miatu zuten eta hainbat ebidentzia eta ondasun atzeman ahal izan zituzten. Atzemandako materialaren zati bat jada identifikatu dute, eta Durangon lapurtutakoa dela jakin dute. Atxilotuak datozen orduotan eramango dituzte Barakaldoko epaitegira.

Atxilotuetako bat, 25 urtekoak, 2018tik ditu aurrekariak etxebizitzetan egindako lapurretengatik. Esaterako, irailean Gernikan atxilotu zuten, Foruako etxebizitza batean lapurreta egitea leporatuta. “Beste pertsona baten izenean zegoen pasaporte batekin identifikatu zuen bere burua, polizia-lana zailtzeko asmoz”, Ertzainek azaldu dutenez. Horrez gainera, joan zen astean berriro atxilotu zuten beste bi lagunekin batera, Kantabriako etxebizitzetan egindako lapurretengatik.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!