Zer egingo dute Durangoko itunpeko ikastetxeetako langileek bihar hastekoa den greba deialdiaren aurrean?

Joseba Derteano 2019ko aza. 6a, 15:59

Gaur gaurkoz, patronalaren eta sindikatuen arteko batzar sortak ez du fruiturik eman. Bideratzaile baten laguntza eta guzti ere, momentuz, ez dago adostasunik lan hitzarmenaren inguruan. Horregatik, sindikatuek bihar hasiko den hilabeteko greba deialdiari eusten diote. Durangon itunpeko lau ikastetxe daude, zein bere errealitatearekin eta euretako langileek errealitate horretatik abiatuta aurre egingo diote deialdiari.

San Antonio ikastetxea kooperatiba bat da, baina ez dute bozketa bidez erabakiko grebara batu ala ez. Langile bakoitzaren erabakia da. Aurreko deialdietan inork ez du grebarik egin. Hori erreferentzia moduan hartuta, biharko beste hainbeste itxaroten du Oier Urigoitia ikastetxeko zuzendariak. “Desberdintasun bat dago jasotzen duten finantzaketaren eta lan hitzarmen berrian proposatzen denaren artean eta gure proiektua arriskuan jarri daiteke. Lan hitzarmenaren alde gaude, baina ikastetxeok jasotzen dugun finantzaketan oinarrituta egon beharko litzateke. Hori da gakoa”, adierazi du.

Nevers ikastetxean ere langile bakoitzaren esku geratuko da greba egin ala ez. Baina langile batzuen artean badago akordio bat bihar, lehenengo egunean, greba egiteko. Ondoren, negoziaketen egoerari jarraipena egingo diote eta, beharbada, aurrerago berriro batuko dira. Gutxigorabeherako estimazioen arabera, Haurtzaindegian %100ekoa, Haur Hezkuntzan %60koa, Lehen Hezkuntzan %15ekoa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan %50ekoa izango da bihar grebaren jarraipena, ikastetxeko iturrien esanetan. Ikasleen gurasoak ere informatu dituzte gutun baten bidez.

Jesuitak ikastetxean atzo arratsaldean egindako asanblada batean hartu zuten erabakia. Momentuz, bihar eta barikuan, lehenengo bi egunetan, greba egitea erabaki zuten. Horrek ez du esan nahi egun bi horietara bakarrik mugatuko direnik, ikastetxeko iturrien arabera. Datorren astean beste asanblada bat egingo dute egoera zein den aztertzeko eta horren arabera proposamen berriak egingo ditu komiteak. Hau da, unean uneko jarraipena egingo diote egoerari.

Maristak ikastetxean gaur goizean egindako batzar batean hartu dute erabakia, bozketa bidez. Langile guztiek ez dute parte hartu bozketa horretan. Parte hartu dutenen artean greba ez egitea erabaki da, ikastetxeko iturrien arabera. Beraz, printzipioz, bihar klaseak normaltasunez emango dira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!