Bilboko Paper gaineko Artearen eta Grabatuaren Nazioarteko (Bilbao FIG) jaialdiak bultzatu du Open Portfolio erakusketa Durangoko Arte eta Historia museogaz batera. Besteak beste, Durangon bizi izan zen Rebeca Ferreroren, Costa Ricako Priscilla Romeroren eta Juan Escudero bilbotarraren lanak ikusi ahalko dira.
2018an 'Margolan Itzuliak' erakusketa antolatu zuten elkarrekin Durangoko Arte eta Historia museoak eta FIG Bilbaok; Open Itinera erakusketa ibiltaria da elkarlan berriaren fruitua. Durangotik garo ostean, Barakaldora eta Gueñesera eramango dute. FIG Bilbao jaialdiaren zortzigarren edizioa, ostera, azaroaren 14tik 17ra izango da Bilboko Euskalduna Jauregian.
Irati Retolazaren tailerrak
Azaroaren 20an eta 23an bi tailer eskainiko ditu Irati Retolaza artistak Durangoko museoan: Lehenengoan, grabatuaren teknikak azalduko ditu, 23koan ostera, torkuluarekin esperimentatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Erakusketan ikusgai dago Retolazaren 'Al rabo del gato' obra.
Tailerrean parte hartzeko izena eman beharko da aurretik, museoan bertan. "Horrelako tailerrak aukera bikaina dira obra ezagutzeaz gainera, artista bera ezagutzeko, nola lan egiten duten ikusteko" nabarmendu gura izan du aurkezpenean David Arteagoitia Open Portfolioko zuzendariak.