Jardunaldiek barikutik domekara iraungo dute eta etorkizunera begirako bost lan ildo eztabaidatuko dituzte: dekolonitatea, bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak, gorputzak eta sexualitateak, indarkeriarik gabeko bizitzak eta mugimendu feministaren erraiak. Ondorengo urteetan, Euskal Herriko "herri eta hiriguneetara" hedatuko dute Durangon landutakoa.
Mundutik Euskal Herrira
Euskal Herriko eragileez gainera, Munduko beste hainbat txokotatik ere helduko dira aktibista feministak: Kataluniatik, Galiziatik, Guatemalatik, Nikaraguatik, Berlindik, Londresetik eta Madriletik, besteak beste. Durangoko Udalak Jardunaldietara etortzeko gonbita egin zion Kurdistango delegazio bati, baina, salatu duenez, Turkiaren inbasioak haien etorrera oztopatu du.
Jarrera "antifaxista"
Hego Euskal Herriko mugimendu feministak 40 urte inguru daramatza lanean. Diktadura amaituta hasi zuen bidea, eta hamar urterik behin antolatu izan ditu Jardunaldiak. Diktadura osteko lehenengotariko topaketan, 3 bat mila lagun batu ziren. Kopuru hori zertxobait jaitsi da azken hamarkadetako Jardunaldietan, baina garai bateko kopurua gaindituko du aurten. Bozeramaileek diotenez, "antifaxismoaren amorruz" antolatu dira, eta halaxe antolatzen segituko dutela aurreratu dute. Auzolana ere badute ezaugarri.
Udalaren lankidetza hitzarmena
Jardunaldien etorrera baliatuta, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxagaz lankidetza hitzarmena sinatzea adostu du Durangoko Udalak, aho batez. Gainera, Jardunaldi Feministak Durangon ospatzea ere oso modu positiboan baloratu dute lau alderdiek.
EAJrentzat "berebizikoa" da hitzarmena, eta "sareak hobetzen" lagunduko du berdintasunean eta feminismoan. EH Bilduk ere "erabat" babestu ditu Jardunaldiak, eta, gaineratu du, "ohorea" dela Euskal Herriko Mugimendu feministak Durango aukeratu izana Jardunaldien ospakizunetarako. Herriaren Eskubideak azaldu du Jardunaldiak Durangon egiteak "aitortza" handia egiten diola herriko eragile feministen lanari. Ildo beretik egin du berba PSE-EEk, eta topaketek, aurrera begirako urratsak identifikatzeko espazio bat eskainiko dutela nabarmendu du.
Kurduek, etortzerik ez
Kurdistango delegazio bat gerturatzeakoa zen Durangoko Jardunaldi Feministetara, baina, Turkiaren inbasioa dela-medio, ez dira bertan izango. Udalak salatu egin du Turkiaren jokabidea. "Indarkeria militarra etetea" eskatu du, "arriskuan" ipintzen baitu gizarte zibila. Gogora ekarri du kurduak Estatu Islamikoaren aurka borrokatu direla, "beraien eta gure askatasunaren alde". 2017tik, Kurdistango Kobane hiriagaz senidetuta dago Durango.