Haur eta gazteak musika klasikora hurbiltzeko helburuagaz antolatu dute XXX. Durangoko Musika Hamabostaldia

Aritz Maldonado 2019ko urr. 30a, 15:05

Valen Atxotegi durangarra presidente duen Kantika koralaren emanaldiagaz hasiko da hamabostaldia, domekan, 19:00etan. 

Betiko filosofiari eutsi gura diote Bartolome Ertzilla musika eskolako kideek Musika Hamabostaldi honetan. "Beste musiken presentzia nahiko bermatua dago, baina klasikoak zainketa gehiago behar duela uste dugu" azaldu du Alfredo Saez Bartolome Ertzilla musika eskolako zuzendariak. Hori dela eta, belaunaldi berriak hurbiltzeko apustua egin dute 30.edizio honetarako.

 Koralen olatu berria

Valen Atxotegi durangarra munduko koru ospetsuenetako baten presidentea. "Musika koralak gure bidea jarraitu behar duela uste dut. Gure emanaldiak oso ikusgarriak dira, eta sentsazioak sortzen ditugu, anbientazioa, eta uste dut hori dela bidea". 11-19 urte bitarteko gazteek osatzen dute korua. 2019ko 23.emanaldia izango da domekakoa.

Nobedade gisa, Musika Hamabostaldi honetan Plateruenan izango da kontzertuetako bat. Roberto Pachecoren eskutik, jazz eta musika klasikoa uztartuko dituen kontzertua ikusi ahalko da azaroaren 9an. Azaroaren 17an Maider Lopezek zuzenduriko Sagutxo Tuntuna ipuin musikatuaz gozatu ahalko dute familiek. Zikloa ixteko, Carion Wind Quintet danimarkarrek kontzertua eskainiko dute San Agustin kulturgunean abenduaren 15ean.

Egitarau osoa:

- Leioa Kantika korala, azaroaren 3an, domeka, 19:00etan, Andra Marin.

- "Charlie Parker with Strings" Roberto Pachecoren eskutik, azaroaren 9an, zapatua, 20:00etan, Plateruenean.

- Sagutxo tuntuna, azaroaren 17an, domeka, 12:00etan, 17:30ean eta 18:30ean, San Agustin kulturgunean. (Sarrera 4 euro)

- Carion Wind Quintet, abenduaren 15ean, domeka, 19:00etan, San Agustin kulturgunean. (Sarrera 10 euro).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!