Azkue Fundazioak eta Xarek, Durangoko Udalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, antolatutako ekimenaren helburua euskarazko kultura digitala gazteen artean sustatzea eta ezagutzera ematea da, antolatzaileek ohar batean informatu dutenez.
Eguenean, 09:00etatik 13:45etara bitartean, hiru ikastetxe ezberdinetatik etorritako 450 gaztek hartuko dute parte Landako Gunea, Plateruena Kafe Antzokia eta Zugaza Zinema beteko dituen ekimen honetan.
Durangokoa izango da hiriburua ez den udalerri batean egingo den Xare jardunaldi bakarra. Hurrengo asteetan, jardunaldi hau Gasteizera eta Donostiara ere iritsiko da. Iruñean urriaren 29an egin zuten Sarean Euskaraz izenpean.
Plateruenean
Ezagutzara bideratutako gune honetan, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 6 proiekturen inguruko aurkezpen labur (12 minutukoak) bana entzungo dute ikasleek. Hala, Puntu Eus Fundazioak, Librezale Elkarteak, Ahotsak egitasmoak, Booktegi-k, Alboan-ek eta Euskal Wikilarien Elkarteak une honetan esku artean dituzten hainbat proiekturen berri emango dute.
Landako Gunean
Gune praktiko honek 8 lantegi ezberdin hartuko ditu eta, 20 laguneko taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izango du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte.
Zugaza Zineman
Erabileran sakontzeko pentsatutako areto hau da aurtengo Sarean Euskaraz Jardunaldiak dakarren berrikuntza nabarmenena, eta bi hitzaldi programatuko dituzte bertan, bakoitza 35 minutukoa. Biek ala biek informazio eta komunikazio teknologien erabilera egokia egitearen garrantziaz informatuko dute.
EGITARAU OSOA HEMEN IKUSGAI