Oier Zuñigak egin du 54. Durangoko Azokako kartela

Anboto 2019ko urr. 29a, 11:33

54. edizio honetako leloa "Osorik DA!" izango da, Durangoko Azokako osagai guztiei erreferentzia eginez. Oier Zuñiga (Iruñea, 1986) ilustratzailea eta diseinugile grafikoa da.

Egile iruindarrak azokaren ekosistema osoa irudikatu gura izan du, eta horretarako kartela lau zatitan bereizi du: burua (sormena), bularra (zabaldu, erakutsi), gerria (hartu eta eman) eta hankak (akzioa eta mugimendua). "Ekosistema batean dena dago lotuta, konektatuta. Proposatutako irudian ere bai. Goiko zatitik behekoraino lotuneak aurki ditzakegu eta horrela irudi zati independenteak batu, kontakizun bat eraiki arte" azaldu du iruindarrak. 

Nerea Mujika gerediaga elkarteko lehendakariak ere ekosistema legez deskribatu du Durangoko Azoka. "Ekosistema berezi bat da. Gune, babesle eta eragile desberdinen artean antolatzen da. Sortzaile, hartzaile, argitaletxe, autoekoizle, diskoetxe eta bisitariok partekatzen dugu. Gazte, heldu, ume, ikasle, langile, erretiratu... denona da. Literatura, musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, kultura digitala... hori dena osotasun bat da" azaldu du Mujikak.

Ikasle Goiza

54. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra bitartean ospatuko da. Lehenengo egunean Ikasle Goiza ospatuko da, eta bigarren egunean, ostera, II. Sormen Bekaren irabazlea nor den jakinaraziko da. Bide batez, iazko bekaren irabazleek sortu duten "AtopiaRPG" euskarazko lehenengo rol-jokoa aurkeztuko da.

Durangoko Azokako 54.edizioko kartela Andra Mariko elizpean aurkeztu dute, kulturaren plazaren lehenengo edizioak bertan ospatzen zirela gogoratzeko. Aurkezpenean Ima Garrastatxu Durangoko alkateak, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendariak eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordeak parte hartu dute, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!