“Azken ikerketek diote lotura gutxi dagoela ehunen lesio egoeren eta min kronikoaren artean”

Joseba Derteano 2019ko urr. 29a, 08:58

Bere tesia egin ahal izateko, giza talde bi behar ditu Josu Zabalak: inongo minik ez dutenak eta lepoko min kronikoa dutenak. Azken horiek doako lau sesio jasoko dituzte.

Zertan datza zure tesia?
Mina aztertzen nabil, batez ere min kronikoa. Azken ikerketek diote lotura gutxi dagoela ehunen lesio egoeraren eta min kronikoaren artean. Kasu horietan, garunak egiten duen interpretazio bat da mina, hipotesi batzuetatik abiatuta. Min horren oinarria zer punturaino den ehunen lesioa eta zer punturaino den prozesu neurofisiologiko alteratua neurtu gura dut nire tesian. Test psikofisikoen bitartez, neurona baten hiperkitzikadura estimulatuko dut, eta kitzikadura hori zenbaterainokoa den neurtuko dut. Neurona bat egoera normal batean badago, zaila da kitzikadura hori lortzea, eta alderantziz. Bestetik, garunak mina inhibitzeko gaitasuna du eta neurtuko dudan bigarren balioa pertsona bakoitzaren inhibizio gaitasuna da. Tesiaren helburua da pertsonak eskala batean kokatzea, egoera neurofisiologikoaren arabera.

Zelako boluntarioak behar dituzu?
Minik ez dutenak eta gutxienez hiru hilabetean lepoko min kronikoa dutenak behar ditut. Prest daudenak Antso Estegiz kaleko Hiru Fisioterapiatik igaro daitezke.

Min kronikoa duenak zer egin dezake bere egoera hobetzeko?
Lehenengo eta behin, profesional batengana jo behar du, gaitz larririk duen jakiteko. Ehunek justifikatzen ez duten mina badago, garunak sortu duen arrisku ebaluazioa berriztu behar da. Izan ere, min kronikoa, garunaren iritziz, ehunek hiltzeko duten arriskuaren hipotesi bat da. Hipotesi hau sortzeko, informazio asko erabiltzen du garunak; usteak, profesionalen iritziak, askotan okerrak direnak... Kasu hauetan, minaren neurozientzian oinarrituriko pedagogia egin behar zaio pazienteari, garunak hipotesiak berrikus ditzan. Pedagogia eta pertzepzio aldaketa eragiten duten ariketez gainera, ariketa fisiko graduala izango da min kronikoan eragin positiborik handiena izango duena. Ariketa fisikoak garunak min kronikoari atxikituriko patroi depresiboa aldatzen laguntzen du, parte-hartze aktiboa bultzatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!