Emakume batek salatutako sexu erasoa kenduta, jaien balantze "oso positiboa" egin du Durangoko Udalak

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 24a, 13:52

Udal gobernu taldeak txalotu egin du herritar, boluntario eta auzo-elkarteek egindako lana. Orokorrean, jaiak umore onean, normaltasunez eta era lasaian igaro direla adierazi dute. Oposizioan dagoen EAJk ere antzeko irakurketa egin du , baina kritiko agertu da udal gobernu taldearen partetik jasotako tratuagaz. Azaldu dute zenbait ekitalditan "diskriminatuak" izan direla eta txosnagunean agertutako pankarta batzuek "harridura" eta "kezka" eragin dietela

Gobernu taldeak herritarren lankidetza eta laguntza jarri ditu jaien arrakastaren erdigunean. Pentsiodunen eta Zabalarra eskolako umeen txupinak ere "emozioz beterikoak" izan direla adierazi dute, eta ekitaldi arrakastatsuenen artean kokatu dituzte Landako gunean izanako sukalki txapelketa (1.500 herritar inguru), Ezkurdin izandako Los 40 Sessions - Durango gaua (2.100 pertsona inguru) kontzertua edota Artopilen banaketa (1.000 pertsona inguru). Oro har, ekitaldi gastronomiko guztien arrakasta, mozorro eguna eta Durangoko artistek izan duten tokia nabarmendu dute.

Aurten, jai inklusiboagoak lortzeko bidean aurrerapausoak ere eman direla azaldu dute. "Nabarmentzekoak dira barrakekin lortutako akordioa tarte batez musika kendu eta autismodun umeek barrakez gozatzeko aukera izan dezaten". Horretaz gain, mugikortasun arazoak dituztenentzako sortutako guneak ere azpimarratu dituzte.

EAJ ere "oso pozik" jaiegaz, baina kritiko gobernu taldearen jarreragaz

Jaien balantze positiboa partekatzen duen arren, Durangoko EAJk udal gobernu taldearen partetik jasotako tratua salatu du. Zenbait ekitalditan "diskriminatuta" sentitu da talde jeltzalea. "Tratua ez da egokia izan. Informazio falta egon da askotan eta horrek gure parte hartzea moztu du ekitaldi batzuetan. Gure presentzia, nolabait, desagertu egin da ekitaldi batzuetatik", azaldu du Mireia Elkoroiribek.

Txupinazoei ere egin die erreferentzia. Gobernu taldeari egotzi dio txupineroak aukeratzeko irizpideak aldatu izana. "Orain arte jai batzordeak aukeratu izan ditu baina aurten proposamen desberdin bat egin dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. Ez dugu ezer aurtengo txupineroen aurka, baina ez dugu begi onez ikusten aurten jai batzordeak bildutako proposamenak alboratu izana". Horretaz gain, aurtengo txupinazoko luntxa zenbat merketu den dioen daturik ez dagoela esan dute.

Txosnetan azaldutako pankarta batzuekiko ere egin du kritika. Horietako batzuek mezu politiko "iraingarriak" zituztela azaldu du, eta  udal eraikinetan zintzilikatuta zeudela. "Harrituta eta kezkatuta gaude pankartegaz. Badirudi hau guztia normala zaiola gobernu taldeari", esan du Elkoroiribek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!