Durango 1936: "Hilerriko kaperak bere kristautasunari eusten dio eta gurutze frankista gorde da bertan"

Anboto 2019ko urr. 22a, 15:51

Gogora Institutuak Durangoko hilerriko kapera-mausoleoa EAEn kendutako ikur frankisten zerrendan sartu du. Durango 1936 Kultur Elkartearen ustez sinbolo hori kendu barik dago. Elkarteak gutun hau bidali du Eusko Jaurlaritzara, Durangoko Udalera eta Gogora Institutura.

Harriduraz irakurri dugu Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen txostena EAEn dagoen sinbologia frankistari buruz. Harriduraz, faxistek Durangon eraikitako kapera kristau faxista kendutzat aipatzen dutelako. Harritu egiten gaitu, badakigulako eta badakitelako, goiko hiru erakundeek, Durangon badagoela frankistek eraikitako sinbolo bat kendu barik: Durangoko hilerrian dagoen kapera kristau bat, gurutze eta guzti, faxistek euren hildakoen omenez eraikia.

Izan ere, Durango 1936 Kultur Elkartea, kapera kristau hori Durangoko Udalak birmoldatu zuenean jaio zen. Durangoko Udalak Adiskidetze eta Bakea deitu zion kapera faxista birmoldatuari eta bere barruan gerran hildako guztien izen-abizenak idatzi zituen. Gu horren aurka geunden, eta horrela adierazi genion Durangoko Udalari, behin eta berriz, ahoz eta idatziz, sinbolo faxista zena birmoldatzeagatik, gordetzeagatik, eta bertan faxistek hildako gure senide errepublikazaleen izenak jartzeagatik borreroen izenekin batera. Hemeretoka begiratzea baino ez dago. 

Kaperak bere kristautasunari eusten dio eta gurutze frankista gorde da bertan. Berdin izan zitzaien Durangoko agintariei han jarritako izen-abizenak kristauak ziren ala ez, eta aitortzera bidali zituzten, jainkoaren izenean fusilatutakoak zein bide-bazterretan hildakoak, eta egundo aurkitu ez direnak, hots, gorpuak ere lapurtu zizkigutenak. Kristautasunean egin behar ei dugu Adiskidetzea eta Bakea, eta gainera gurutze faxistaren bedeinkapenpean. Demokrazia, adiskidetzea eta bakea ulertzeko modu bitxia.

Harritu egiten gaitu Durangon bizi den Lehendakariak hori ez jakitea, sinbologia faxista oraindik ere Durangon dagoenik. Oker ez bagaude, izan da bertan martxoaren 31ko ekitaldietan. Ez al du ikusi? Ez al du galdetu?

Zer esanik ez Gogora Institutuari buruz. Zer esanik ez Durangoko Udalari buruz. Ez al dakite? Zer eginbehar dugu jakin dezaten eta kontuan hartu dezaten?

Durango 1936 Kultur Elkartea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!