“Gogoari dagokionez, sekula ere ez dut hain talde konprometiturik aurkitu”

Joseba Derteano 2019ko urr. 19a, 10:30

Tabirako-Baqueren gizonen taldeak EBA mailan hasi du denboraldia. Beste talde batzuen ukoa aprobetxatuta igo da Euskadiko Lehen Mailatik EBAra. Erronkari aurre egiteko, jokalari berri bi batu dira taldera: Imanol Orue-Mazaga eta Miguel Zamora (Madril, 1993). Orue-Mazaga durangarra Zornotza Saskibaloi Taldean urte batzuk eman ondoren itzuli da Tabirakora. Zamora master bat egitera etorri da Bizkaira, eta urtebetean jokatuko du Durangoko klubean. ANBOTO Zamoragaz izan da. 

Orain urte bi, Poloniako ligan jokatzeko aukera izan zenuen. Zelako esperientzia izan zen?
Erasmus-etik joan nintzen, graduondoko proiektua egiten, eta esperientzia zoragarria izan zen. Hemengo Zilarrezko Ligaren baliokidea den mailan jokatu nuen. Hango maila hemengoa baino baxuagoa da, baina jendeak konpromiso handia du. Fisikoki egiten duten lana harrigarria da; goiz eta arratsalde entrenatzen dira. Urte ederra izan zen niretzat. Lehenengo Mailara igo ginen eta ligako joko-antolatzailerik onena izendatu ninduten.

Zelan sortu zitzaizun Tabirakora batzeko aukera?
Kasualitatez. Udan, Kantabriako kanpin batean nengoela, Zornotza Saskibaloi Taldeko zuzendaritzako lagun bat ezagutu nuen. Hark esan zidan prest zegoela Tabirakogaz berba egiteko. Ondoren, Julen Berrocal entrenatzaileak deitu zidan, eta horrela sortu zen aukera.

Harrobitik elikatzen den talde batean, arrotz sentitu zinen hasieran?
Banekien zein zen klubaren filosofia. Familia baten modukoa zirela eta oso giro ona zegoela esan zidaten, eta horixe aurkitu dut. Oso ondo hartu naute. Kirol arloko helburuak baztertu barik, pertsonengan asko zentratzen den kluba dela ere igarri dut. Arlo humano hori lehenengo egunetik ikusi dut.

Aurtengoa denboraldi berezia da Tabirakorentzat. EBA mailan dabil, beste talde batzuen ukoa aprobetxatuta. Erronkari aurre egiteko ahalmena ikusten diozu taldeari?
Bai, dudarik barik. Badakigu ez garena talenturik gehien duen taldea, baina intentsitateari eta gogoari dagokienez, sekula ere ez dut hain talde konprometiturik aurkitu.

Helburuei buruz galdetzen badizut, partidurik partidu joango zaretela erantzungo didazu?
Ba, ez. Partidurik partidu barik, entrenamendurik entrenamendu joango gara. Horiexek dira Julen Berrocal entrenatzailearen berbak. Hasiera-hasieratik, argi utzi digu hori. Egunero intentsitatea ipinita, detaileetaraino hobetzen ahaleginduta… EBA mailan defentsiboki talderik ordenatuena eta intentsoena izaten ahalegindu behar dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!