Baserri munduaren garapenean emakumeak funtsezkoak izan direla adierazi dute Durangon

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 15a, 15:15

Euskal Autonomia Erkidegoko txoko guztietatik ailegatutako 120 bat batu dira gaur Durangon,  Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean. Emakumeek lurraren mantenuan eta iraunkortasunean izandako rola funtsezkoa dela adierazi dute.

Baserri munduan lan egiten duten hainbat emakumeren topaleku izan da gaur Durango. Landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna ospatzeaz gain, esperientziak trukatu dituzte. Bertaratutako elkarteen artean izan da Landa XXI elkartea. "Zuhaitza" izeneko lana aurkeztu dute, zeinetan, argazki eta bideoen bitartez landa eremuko emakumeen bizipenak, lanak eta hausnarketak bildu dituzten. Errioxatik (Espainia) iritsitako 'Colletero' elkarteak ere partekatu ditu esperientziak. 1.000 biztanle inguruko herria da eta auzolanaren bitartez nola garatu duten azaldu dute.

Ekitaldian izan dira, halaber, Ima Garrastatxu Durangoko alkatea, Jone Fernandez Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendaria, eta Maite Peñakoba Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria. Guztiek aldarrikatu dute emakumeek jokatzen duten rola "funtsezkoa" dela lurraren mantenuan eta iraunkortasunean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!