“'The Platform' egungo egoerari lotuta dago, baina berdin ulertuko zen orain hogei urte edo hogei urte barru”

Aritz Maldonado 2019ko urr. 12a, 10:20

Galder Gaztelu-Urrutia abadiñarra urte luzez dabil zinemagintzan, eta, oraintsu, bere lehenengo film luzea estreinatu du zuzendari lez: 'The Platform'. Torontoko nazioarteko film festibalean saria jaso ondoren, beragaz berba egiteko aukera izan du ANBOTOk.

Harrera ona izan du 'The Platform'-ek?
Toronton, Midnight Madness atalean harrera ikusgarria izan du. Han nengoela, uste nuen ez nintzela proiekzio osoan egongo, hainbat bider ikusi dudalako pelikula osorik, baina lehenengo minutuetan publikoak zelan erreakzionatu zuen ikusita, geratu egin nintzen. Harrera paregabea eduki zuen.

Kutsu sozial handiko pelikula ei da.
Ez dut gustuko pelikula bati sozial etiketa ipintzea, normalean jasangaitzak izaten direlako. Pelikula hau fantasiazko thriller bat da, mezu soziala ere baduena. Aberastasunaren banaketari buruz berbetan dugu, pertsona guztion barruan dagoen egoskortasunari buruz... Normalean, generoko zineak beti eduki du mezu soziala, eta honek oso presente du. Hori egia da.

Bizi ditugun garaiotan, oso identifikagarriak.
Bai, istorio internazionala da, eta gaur egungo egoerari oso lotuta dagoena. Baina, egia esan, hemendik hogei urtera ere berdin funtzionatuko luke, eta orain hogei urte ere bai. Aberastasunaren banaketa antzerakoa izan da historikoki. 

Nola azalduko zenuke zer den 'The Platform' ['El Hoyo' gaztelaniaz]?
Pelikularen tematika baino gehiago, testuingurua azaldu eta istorioa bertan kokatzea da errazena. 'El Hoyo' giltzapeko gune moduko bat da, eta goitik behera zelda edo gelak daude multzokatuta; zulo horren bitartez [el hoyo] daude lotuta gelak, eta bertatik plataforma bat jaisten da, bizilagunentzako janaria daramana. Plataforma minutu bian dago maila bakoitzean, eta, denbora horretan, maila horretako biztanle biek gura beste janari jaten dute, plataforma berriro jaisten hasi arte. Imajinatu dezakezun bezala, jaitsi ahala janari gutxiago du plataformak, eta behekoek heltzen denagaz konformatu behar dute. Hilabeteren ondoren, biztanleak lekuz aldatzen dira.

Premisa horretan oinarrituta, aukera dugu iparralde-hegoalde banaketari buruz berbetako, edo klase sozialei buruz. Testuinguru horretan, pertsonaia nagusi bat dago, 'El Hoyo'ra heltzen dena; bera boluntarioa da eta ez daki nolako infernua izango den. Maila bakoitzean gertatzen dena ikusten dugu bere ikuspuntutik; berak desberdin jokatuko du maila batean edo bestean egon. Funtsean, horixe da pelikula, bakoitzak nola jokatzen duen egoera desberdinetan.

Urteak daramatzazu zineman, baina honakoa duzu zuzendu duzun lehenengo film luzea. Erronka handia izan da?
Gatxena, beti, dirua lortzea da. Film laburrak egin ditut, pelikulak, produkzio lanak, departamentu askotan lan egin dut... Esperientzia zabala dut zinema munduan, eta proiektu hau martxan ipini zenean, ez nuen aldaketa handirik igarri. Esan bezala, alde ekonomikoa izan da zailtasunik handiena.

Beraz, horixe da orain ateratzearen arrazoia?
Bai, funtsean bai. Gero, baina, proiektu egokia heltzeko zain ere egon naiz. Dauden finantziazio arazoekin, zinema hemen egitea ahalegin titanikoa da.

Orain, zer ibilbide du aurretik 'The Platform'-ek?
Austineko Fantastic Fest festibalean egon gara, eta baita Sitgesekoan ere (Herrialde Katalanak). Hilaren 26an, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean egongo gara. Pelikula Netflix plataformak hartu duenez, ez du jaialdietan ibilbide luzeagorik edukiko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!