Durangoko Jaiak

Txupinaren ondoren udaletxean egiten den harrera eta luntxa murriztuko ditu gobernu taldeak

Anboto 2019ko urr. 10a, 11:14

Urriaren 17an, eguena, 16:30etik 21:00etara ez da musikarik egongo barraketan, autismoa duten umeak ere joan ahal izan daitezen bertara.

Dena prest dago Durangon aste biko jaiei hasiera emateko. Motorrak berotzeko, Patxikotxuri ongietorria egingo diote San Fausto auzoan, bihar, 17:00etan. Udaletxeko txupinazoa pentsiodunek jaurtiko dute, 20:00etan, udaletxeko balkoitik. Pilar Txintxurretak botako du, hain zuzen ere, eta Matias Oregik eta Carlota Grandek irakurriko dute pregoia. "Berba batzuk esango ditugu gure aldarrikapenen inguruan", aurreratu dute txupineroek. Urte osoan zehar pentsio duinen alde egindako lana ezagutarazteko aukera izango dute. Jaia eta aldarrikapena uztartu daitezkeen seinale da hori. Ildo horretatik jaurtiko dute txosnaguneko txupinazoa Ernaiko kideek ere, 21:00etan. Pregoiaren erdigunean "gaztetasuna, jaia eta borroka" egotea gura dute. 

Jaien hasieran, aldarrikapen feministak Durangoko kaleak zeharkatuko ditu. Durangoko autodefentsa feministak deituta, manifestazioa egingo dute bihar. Andra Mariko elizpean ipini dute hitzordua, 23:30ean. 

Jaietako nobedadeak

Zenbait arazo dituztenei laguntzeko, udalak neurri batzuk hartu ditu. Besteak beste, urriaren 17an, eguena, 16:30etik 21:00etara ez da musikarik egongo barraketan, autismoa duten umeak ere joan ahal izan daitezen bertara.

Barrakekin jarraituta, orain artean alderdi politikoek harako jasotzen zituzten sarrerak zuzenean Gizarte Ekintzetara bideratuko ditu gobernu taldeak, beharrizanik gehien dituztenek gozatzeko. Bestalde, mugikortasun arazoak dituztenentzat zenbait gune sortu dituzte jaietako hainbat ekitalditarako. Besteak beste, Andra Marian egingo diren ekitaldietan gune berezi bat atonduko dute, eta Artopillen banaketan ere irisgarritasun arazoak dituztenei erraztasunak ipiniko dizkiete.

Txupinaren ondoren udaletxean agintari eta herriko zenbait lagunentzat egiten ziren harrera eta luntxa murriztuko dituztela azaldu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak: “Esan genuen herriagaz batera gobernatu gura genuela, eta, beraz, ez dugu logikoa ikusten durangarrak plazan txupinaren zain dauden bitartean, agintariok udaletxe barruan pernila jaten egotea”.

Ohiko ekitaldiez gainera, aurtengo egitarauak hainbat nobedade dakartza. Urriaren 12an Gangar Proba egingo dute Madalena auzoan,  eta mingain zorrozdun gazteek parte hartzeko aukera izango dute. Beste ekitaldi berritzaileetariko bat lehenengo talent showa izango da. Ezkurdin antolatuko dute ekitaldia, urriaren 18an, 21:00etan. Eszenagaz lotutako edozein motatako ikuskizunak eskaini daitezke.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!