“Pregoiaren erdigunean gaztetasuna, jaia eta borroka egongo dira”

Joseba Derteano 2019ko urr. 9a, 09:45

Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik 40 urte bete direla aitzakia hartuta, Ernaik 'Bulkada berrien garaia' dinamika garatu du. Lan horri errekonozimendua emateko, aurten Ernaiko kideek jaurtiko dute txosnaguneko txupinazoa, urriaren 11n, 21:00etan.

Zelan jaso duzue txupinazoa jaurtitzeko ardura?
Karolina Suarez:
Ez genuen itxaroten eta oso pozik hartu dugu. Plazer bat da gu aukeratu izana jendaurrean txupina jaurtitzeko eta jaiei hasiera emateko. Beraz, arduragaz eta ondo egiteko gogotsu hartu dugu.

Prest duzue pregoia?
K.S.:
Bai, baina ezin dugu askorik kontatu. Pregoiaren erdigunean gaztetasuna, jaia eta borroka egongo direla baino ezin dugu esan.

Zelan baloratzen duzue Ernai aurten egiten dabilen dinamika?
Helene Sanchez:
Gazte antolakundearen memoriako protagonistak gazteak izatea zen helburua; memoria hori geuk idatzi dugula eta idazten zein gordetzen jarraituko dugula adieraztea. Azken 40 urteetan Durangoko gazte antolakundeetan lanean ibili den jendea batu eta gure arteko hartu-emana sustatu gura izan dugu.
H.S.: Bulkada gehiago gura dugu, eta geroago eta gazte gehiago batu gure taldera. Aurrera begira, Ernaitik argi dugu gazteok borrokarako subjektua garela, guk ere pairatzen ditugula prekaritatea eta beste zapalkuntza mota batzuk, eta gure zeregina dela borrokara batzea egoerak hobetzen ahalegintzeko.

Durangoko jaiaten, zelan parte hartzen du Ernaik?
H.S.:
Zapaburu eta Sorginola gaztetxeagaz txosna bat ipiniko dugu.
C.S.: Horrez gainera, Ernaiko kideok parte hartze zabala izaten dugu Gazte Egunean.
H.S.: Aurten jende asko batu dute Gazte Eguna antolatzeko, eta gu ere han egongo gara parte hartzen.

Arlo pertsonalean, jaietako zein ekimen gustatzen zaizue?
H.S.:
Niri eguneko ekintzak gustatzen zaizkit: paella txapelketa, erreka jaitsiera…
C.S.: Durangoko autodefentsa feministarako asanbladak manifestaziora deitzen du urtero, eta indar erakustaldi polita izaten da. Ekitaldi hori azpimarratuko nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!