Datorren urteko ordenantza fiskalak onartu ditu Durangoko Udalak

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 8a, 20:39

Prezio publikoak %1 igoko dira oro har. Ondasun Higiezinek, ibilgailuek, zabor-tasek eta TAOak ez dute igoerarik izango, "izoztuta" mantenduko dira. Udal gobernuaren botoegaz onartu dira 2020rako ordenantza fiskalak. Aurka bozkatu du PSE-EEk. Abstenitu egin da EAJ.

Udaleko lau alderdien elkarlanetik irtendako ordenantza fiskala du Durangok. Ildo nagusietan hainbat adostasun agertu dituzten arren, ñabardurak ere egon dira. Hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk hainbat emendakin egin dizkiote udal gobernu taldearen ordenantza proposamenari. Horietako zenbait onartu ditu udal gobernu taldeak eta ordenantza fiskalean islatuta geratu dira. Beste zenbait emendakin, baina, erretiratu egin dituzte oposizioko indarrek, eta, beste hainbati bizkarra eman die udal gobernu taldeak. Emaitza, baina, honakoa da berba gutxitan : prezio publikoak %1 igoko dira oro har. TAO, Higiezin eta Ibilgailuen zergak "izoztuta" mantenduko dira, eta zaborren zergak ere hala segituko du momentuz, harik eta zabor ontziak birkokatzeko plangintzak amaitzen diren arte.

Udalbatza amaituta, "pozik" azaldu da Ima Garrastatxu alkatea. Udal gobernu taldeak oposizioaren iritzira hurbiltzeko ahalegina egin duela adierazi du. Ildo beretik egin du berba EAJko Mireia Elkoroiribek ere, oposizioak udal gobernu taldeagaz elkar ulertzeko gertutasuna eskaini duela iritzita. Herriaren Eskubidea taldeko Jorge Varelak adierazi du "inoizko" ordenantza fiskalik "justuenak eta orekatuenak direla".

Ikuskera desberdina kirolean eta enpresen mugikortasun hobarietan

Durango Kirola entitateko zergetan %5 igoko dira prezioak bataz beste, eta hor egon dira desadostasunik nagusienak. PSE-EEko Jessica Ruizek adierazi du ez duela "igoera justifikatzeko inongo oinarri sozialik ikusten". EH Bilduk erantzun du Durango Kirola udalaren erakunde autonomoa den heinean, udalaren dirua jasotzen duela, eta bide horretatik ahaleginduko direla "administrazio publikoentzako aholkatzen den estaldura" tasara iristen.

Bestalde, mugikortasun jasangarriagoa eskaintzen duten enpresentzat, zerga hobaria proposatu du EAJk, baina ez da onartua izan. Lantegietara modu jasangarrian joatea hobarien bitartez egin barik, "plangintza integral" bat garatzea hobetsi du udal gobernu taldeak. Iker Urkiza zinegotziaren arabera, azken ikasturtean ez da mugikortasun hobaria eskatu duen enpresarik egon. "Kontua ez da enpresentzat hobaria igotzea edo jaistea. Beharbada mugikortasun plangintza orokor bat egitea da kontua, bidegorri sare bategaz eta norbanako erabiltzaileengan pentsatuta", azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!