“Azken 500 metroak elkarregaz egin genituen eta hunkigarria izan zen; hainbeste kilometro egin eta gero!”

Joseba Derteano 2019ko urr. 5a, 10:00

Laiene Menikak eta Bizikume taldeko bere hiru kideek Madril-Lisboa Non Stop proba erreleboka egin zuten orain asteburu bi. 51 ordu eta 20 minututan osatu zuten 770 kilometroko ibilbidea. Bidean denerik gertatu zaie: ekaitzak, ezusteko gonbidatuak…

Egin izan duzu horrelako probarik aurretik?
Horren antzekorik ez, baina orain urte bi Euskadi Extreme lasterketa egin nuen, eta ekainean Extreme Bardenas proba. Bakarkako probak izan ziren, 50 eta 93 kilometrokoak, hurrenez hurren. Bardeetakoa Non Stop-erako prestaketa lez hartu genuen. Baita taldekideok elkar ezagutzeko ere. Gogoan dut alerta gorria deituta zegoela, bero -bolada bategatik, eta 42 gradura arteko tenperaturak izan genituen. Beldurrez joan ginen, baina, tira, haizea ere bazebilen eta ondo moldatu ginen azkenean.

Nortzuk izan dira zure taldekideak Madril-Lisboa proban?
Jone Azpeitia legazpiarra, Miren Hayet errenteriarra eta Itziar Loinaz donostiarra. Beste talde euskaldun bat ere izan da eta errelebo bakoitzean haietako bategaz joaten ginen. Horrela, beti norbaitegaz joaten ginen, eta ez bakarrik.

Zure hiru taldekideak gipuzkoarrak dira. Zelan ezagutu zenituen?
Bizikumeko topaketa batean izan zen, apirilean. Hantxe berotu zen kontua. Hasieran oso animatuta geunden, baina, egia esan, eguna hurreratu eta lasterketaren benetako zailtasuna barneratu ahala, larritzen hasi ginen.

Izan ere, erreleboka izanagatik ere, 770 kilometro ziren, geratu barik.
Bai, ez da txantxetakoa. Nik 232 egin nituen, hiru errelebotan.

Zein izan zen erreleborik gogorrena?
Lehenengoa, beharbada. Hasieran gogotsu hasi ginen, fresko geunden. 1.640 metroko desnibelak ez gintuen bereziki kezkatzen, 79 kilometrotan zehar banatuta zegoelako. Baina denerik gertatu zitzaigun. Lehenengo, une batean, zezen batzuk bidera irten zitzaizkigun. Ezin igaro. "Hemen zezenak mantsoak dira", esan zigun hango batek, baina batek daki! Bizikleta eskuan hartu eta inguratu egin genituen. Momentu batean, itzelezko ekaitzak harrapatu gintuen, oinaztarri, txingor eta guzti. Bideak erreka bihurtu ziren. Bigarren erreleboa ere gogorra izan zen, euripean eta bide lupeztuetan.

Beraz, azken erreleboa izan zen erosoena?
Bai, etaparen amaiera Lisboako helmuga zelako. Azken 500 metroak elkarregaz egin genituen taldekideok. Hunkigarria izan zen. Hainbeste kilometro egin eta gero! Neke guztiak ahaztu zitzaizkigun.

Makina bat kontu gertatu zaizkizue bidean: zezenak, ekaitzak…
Bai, eta baita anekdota bitxiak ere. Zapatilak bustita amaitzen genituen etapak, eta egunkari zatiak sartzen genituen barruan, lehortzeko. Behin, Cedillo herrian (Caceres), Portugaletik gertu, egunkari bat behar genuen eta hango taberna bitan galdetu genuen. Herrira ez ei zen egunkaririk heltzen, oso biztanle gutxi zituelako. Azkenean, amamatxo batek prentsa arrosako bere aldizkariak eman zizkigun.

Logistikoki erronka gogorra izan da?
Buruko minik gehien eman digun kontua izan da! Autokarabanak, bizikletak, mekanika arloa, GPSa, gauetarako fokuak… Eskerrak gugaz etorri diren laguntzaileei; bestela, ezinezkoa izango zen.

Zelan antolatzen zenituzten lotarako orduak?
Lo gutxi egin genuen. Erreleborik errelebora hamabi orduko tartea zegoen, baina zeregin asko genituen. Kontuan hartu autokarabanan hiru bat ordu ematen genituela, bidean toki batetik bestera joateko. Jateko ordutegia ere zorrotza zen; ordu jakin batzuetan jatea komeni izaten zen. Beraz, errebelebo batetik bestera, pare bat ordu baino ez genuen lo egiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!