“Zenbait diziplinatako artistak batzea, esperientzia trukatzea eta sareak sortzea gustatzen zait bereziki”

Aritz Maldonado 2019ko urr. 4a, 13:00
Argazkia: Begipuntuan

Aurretik ere bertan dantza egindakoa izan arren, Elene Carreto dantzari durangarra gogotsu dago San Agustinen lehenengoz profesional lez aritzeko. 'Funtsak' obra besapean duela dator. Nuria Perezek zuzendutako emankizunean, Sirah Badiola eta Eneritz Zeberio dantzariak eta Itziar Ituño aktore ezaguna edukiko ditu obrakide lehenengo lan honetan. 2017an Bilbon estreinatu zutenetik, gura baino emanaldi gutxiago izan dituzte, baina denetan edukitako kritika onak kontuan hartu dituzte. Oraingoan, estreinakoz, ikuskizunak zuzeneko musika edukiko du. Urriaren 5ean izango da emanaldia, 20:00etan.

Orain urte bi estreinatu zenuten obra. Zelako harrera eduki du?
Bolo gutxi eduki ditugu, baina denetan bete ditugu aretoak. Ez dira leku handiak izan, baina denak bete ditugu, eta heldu zaizkigun iritziak oso positiboak izan dira orokorki. Adibidez, denek nabarmendu dute gure musika, bereziki.

Zure ibilbide profesionalean egin duzun lehenengo obra izan da hau, ezta?
Bai, horregaz hasi nintzen horrela, baina, gerora, hainbat sorkuntza txiki ere egin ditut. 2017an, klasekide izandako bategaz pieza bat egin nuen Durangoko Azokako itxiera ekitaldirako, adibidez. Dantzaz konpainiagaz nabil orain lanean. Dantzari nabil bertan, eta baita proiektuak diseinatzen ere.

Areto txikiak aipatu dituzu. Oraingoan, San Agustinera dakarzue obra. Areto handiagoa da, eta etxean, gainera. Gogotsu zaude?
Bai, etxera itzultzea beti dago ondo. Lehenago ere aritu izan naiz dantzan San Agustinen, ikasle garaian. Orain, ostera, profesional legez itzuliko naiz, bestelako bizipen eta jakintza batzuk neureganatu ondoren. Ikasitakoa herrikideen aurrean erakutsi ahal izatea beti dago ondo.

'Funtsak'-eko partaide guztiak emakumezkoak zarete.
Alde artistikoan, bai. Alde teknikoan, ostera, gizonezkoak ere badaude. Hala ere, oraingo honetan aldaketa bategaz gatoz, izan ere, Asier Beramendik berak konposaturiko musika zuzenean joko du. Lehenengoz egingo dugu modu horretara.

Zuk egiten duzun paperean, zer nabarmenduko zenuke?
Sorkuntza prozesuan, hainbat ariketa egin genituen. Hasieran, mugimendu orokorrak zirenak landu genituen, eta gero, ostera, hori desagertzen doa eta bakoitzaren esentzia geratzen da. Nire kasuan, gaztetasunaren energia hori ematen diot piezari. Nire pertsonaiak ukitu sentsuala eta pikaroa ere baduela esango nuke. Guztiok jolastu egiten dugu, baina nirea, bereziki, pikaroa dela esango nuke. Bakoitzak bere ukitua ematen dio istorioari, bere ekarpena egiten dio.

Dantza eta antzerkia uztartzen dira obra honetan. Gustura aritu zara horrela?
Horixe gustatzen zait bereziki, zenbait diziplinatako artistak batu eta esperientziak trukatzea. Olatz Salvadorregaz eta Skakeitanegaz kolaborazioak egin ditudanean ere, beti esan dut zenbait diziplinatako fusio hori asko gustatzen zaidala. Funtsaken kasuan ere, dantza, antzerkia eta musika nahastea gustuko dut. Beste artisten mundua ulertzea gustatzen zait, eta eurek nirea ulertzea ere bai. Mundu desberdin horien artean sortzen diren sareak eta prozesuak asko interesatzen zaizkit.

Zein da 'Funtsak'en ibilbidea hemendik aurrera?
Oraingoz, ez dugu beste emanaldirik, baina Dantzaz-egaz topera ibiliko naiz datozen hileetan; emanaldi piloa ditut. Urriaren 11n Tafallara goaz, Growing Young ikuskizunagaz; urriaren 26an, Lasartera; azaroaren 8an, Nafarroara, Galarrera. Eivissara, Leonera eta Las Palmasera ere joatekoak gara, eta 2020an Alemaniara joango gara.

Lanez lepo ibiliko zara.
Bai, horrela da. Bainan proiektu horiek Dantzaz-en bitartez heltzen zaizkidanak dira. Adibidez, azaroaren 24an, Victoria Eugenian dantzatuko naiz, Olatz Salvador musikariaren birako azken kontzertuaren baitan.

Zure kabuz ere bazabiltza proiektuak aurrera eramaten, beraz.
Bai, izan ere, Dantzaz konpainiak hori bultzatzen du. Dantzari profesional lez, lehenengo lana izateko asmoa du. Plataforma moduko bat da, dantzariak ezagutzera emateko, formakuntza ematen dute profesional gisa hazteko, eta oso baliagarria da sareak sortzeko ere. Audizioetara joatera animatzen gaituzte, eta proiektuak gure kabuz sortzera bultzatzen gaituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!