“Ekoizlearen erronka nagusia interes artistikoaren eta interes komertzialaren arteko koherentzia lortzea da”

Aritz Maldonado 2019ko ira. 29a, 10:30

Ander Sagardoy durangarrak Film Business masterra ikasi du Bartzelonako zinema eskolan, eta orain Arcadia Motion Pictures ekoiztetxean lanean dabil. Rodrigo Sorogoyenen 'Madre' pelikulan parte hartu du eta hainbat proiektu gehiago ditu esku artean 2020rako. Oscar sarietan nominatuta egon zen izen bereko film laburrean oinarrituta dago 'Madre'. Azaroan helduko da zinemetara.

Zelan doa Arcadia Motion Picturesesko esperientzia? Zertan datza zure lana?
Hiru hilabete dira bertan hasi nintzela eta, egia esan, oso pozik nago esperientzia berriagaz. Denbora gutxi daramadan arren, oso momentu politean sartu naizela uste dut; oso erronka interesgarriak daude, eta Arcadiak 15 urte baino gehiago daramatzan arren pelikulak ekoizten, talde gaztea du eta ilusio handiagaz hartzen dute proiektu berri bakoitza.

Gure eginkizun nagusia, asko sinplifikatuta, pelikula bat aurrera ateratzea da: ekonomikoki, behar diren finantzaketa iturriak bilatuz eta, honen arabera, proiektuak behar duen talde tekniko eta artistikorik egokiena eratuz. Bizkor esaten da, baina, normalean, gidoi baten eskubideak erostea erabakitzen denetik pelikula estreinatzen den arte, bi edo hiru urte erraz pasatu daitezke. Prozesu luze eta konplexua da, eta ekoizlea da denbora tarte horretan sortu daitezkeen arazo eta ezustekoen erantzule nagusia.

Bartzelonan, Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunyan ikasi duzu masterra. Zein zehazki? Zelan joan da?
Film Business masterra ikasi dut, urtarriletik ekainera bitartean, eta ekoizpenera bideratutako kurtso espezifikoa da. Zine industriaren konplexutasun eta zirrikituak ezagutzeaz gainera, lezio nagusia pelikula batek aurpegi banaezin bi dituela ulertzea dela esango nuke: interes artistikoarena eta interes komertzialarena. Hauek banaezinak dira, eta, ekoizle legez, ezin daiteke ahaztu batean zentratuta zaudenean bestea duzula atzean. Nahiko ebidentea dirudi, baina proiektuan murgilduta zaudenean, erraza da perspektiba hori galtzea. Esango nuke alde bi hauen arteko oreka eta koherentzia lortu eta bide osoan zehar mantentzea dela ekoizlearen erronka nagusia.

Alde horretatik, oso baliagarria izan da zenbait profesionalengandik eskolak jasotzea. Zuzendariek, gidoilariek, ekoizleek, banatzaileek… denek azaldu digute zeintzuk diren euren ardurak, beharrizanak eta abar, euren perspektiba eta interesetatik.

'Madre' azaroan estreinatuko da. Bertan lan egin duzu? Honi buruzko lana egin zenuen master amaierarako, ezta? 
Halaxe da. Rodrigo Sorogoyenen Madre film luze berrian murgiltzeko aukera izan dut, masterrean lehenik, eta profesionalki ondoren. Azken Oscar sarietan nominatuta izan zen izen bereko film laburrean oinarrituta dago eta azaroaren 15ean estreinatuko da zinemetan.

Kasualitate polita izan da, izan ere, masterrean zehar Sandra Tapia ezagutu nuen, Arcadia Motion Pictures-eko ekoizleetariko bat, eta kurtsoa amaitu eta gero, euren taldera batzeko eskaini zidan. Orain aste bi, Madre Venezian aurkeztu genuen, eta oso harrera polita izan du.

Zein proiektu duzu orain esku artean?
Aipatutako Madreren estreinaldiaz gainera, datorren urterako La maldición del guapo komedia espainiar-argentinarra estreinatuko dugu eta, dena ondo badoa, hiru film luze berriren grabaketei ekingo diegu 2020an zehar. Horietariko bat euskaraz izango da eta Euskal Herrian grabatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!