“Gurasoak joan zirenean pentsatu nuen: zer egiten dut nik hemen bakarrik?”

Joseba Derteano 2019ko ira. 28a, 11:00

Zornotza Saskibaloi Taldeak garaipen bategaz hasi zuen Zilarrezko Ligako denboraldia, joan zen asteburuan. Partidu hartan debutatu zuten fitxaketen artean, Jon Aldekoa-Otalora dago, 19 urteko durangarra. Gaztea den arren, talde askotan jokatu du. ACB ligako klub batek baino gehiagok ipini izan dute begia promesa gaztearengan.

Gazte-gaztea zara, baina beterano baten ibilbidea duzu. Non ibili zara Zornotzan amaitu aurretik?
Tabirako-Baquen hezi nintzen. 13 urte nituela, Real Madrilen deia jaso nuen eta minikopa antzeko torneoetara gonbidatzen ninduen. Hurrengo urtean, oraindino Tabirakon, hautu bat egin behar izan nuen nigan interesa zutenen artean, eta Juventud taldearen eskaintza onartu nuen. Urte bi eman nituen han. 16 urtegaz, Fuenlabradara joan nintzen, eskaini zidatena interesgarria iruditu zitzaidalako. Iaz, Bilbao Basketera batu nintzen. Orduan, Urrezko Ligan zebilen. Eurekin entrenatzen nintzen eta pare bat partidutan ere jokatu nuen. Sarritan, Bilbao Basketi lotuta dagoen Santurtzi taldeagaz jokatzen nuen. Handik etorri naiz Zornotzara.

Zelan joan zen iazko urtea?
Tira, Bilbao Basketen bitartez hiru jokalari geunden Santurtzin, eta, egia esanda, agindu zigutena baino minutu gutxiago izan genituen.

Zelan heldu zinen Zornotzara?
Bilbao Basketegaz berba egin nuen. Lehenengo taldeagaz entrenatzea eta nazional mailakoagaz jokatzea eskaini zidaten. Apur bat gorago egoteko maila nuela uste nuen, edo horren borrokan egon nintekeela behintzat. Maristetan ikasten nabil, ikasketak amaitu gura ditut eta inguruko talde baten bila hasi nintzen. Zornotzak aukera eskaini dit eta oso pozik nago bertan.

Zelan hartu zaituzte taldean?
Oso ondo hartu naute, bai taldekideek, bai Mikel Garitaonandia entrenatzaileak. Oso talde gaztea gara eta horrek ere laguntzen du gure arteko hartu-emanetan.

Bilbao Basketegaz Urrezko Ligan jokatutako partidu solteak kenduta, normalen EBA mailan aritu izan zara. Denboraldi oso bat Zilarrezko Ligan aritzea orain arte izan duzun erronkarik gogorrena izango da?
Bai. Orain arte ez dut Zilarrezko Ligako partidu bakar bat ikusi ere egin. Erronka gogorra izango da, badakit, baina gogotsu nago.

Joan zen asteburuan, minutu batzuk jokatu zenituen. Zelan sentitu zinen?
Hasieran, uste nuen baino hobeto eta erosoago sentitu nintzen kantxan izandako momentuetan. Jakina, oraindino asko dut ikasteko. Esaterako, esperientziak ematen duen malezia falta zaidala ikusi nuen: baloia osterako orduan, beti ondo kokatuta egoterakoan… Hor badut zer ikasi.

Juventudera joan zinenean, 14 urte zenituen. Gogorra izan zen zure etxetik eta familiarengandik aldentzea?
Oso gogorra egin zitzaidan. Juventudera batzeko aukera sortu zenean, egiten zidan ilusioagaz, berehala esan nuen baietz. Gurasoek denean babestu ninduten, baldintza bategaz: ikasketekin jarraitzea. Bada, joan nintzen hara eta heldu zen gurasoak agurtzeko ordua. Atea itxi zenean, bakarrik geratu nintzenean, pentsatu nuen: "Zer egiten dut nik hemen bakarrik?". Errutinan aurkitu nuen irtenbidea: ikasketetan eta entrenamenduetan zentratu nintzen. Errutina lagungarria da.

Umetatik talde handien orbitan egon zara. Besteek zugan ipinitako itxaropenak bete beharreko presiorik sentitu izan duzu?
Ez bereziki. 14 urte nituenean, partiduak lagunartekoak balira bezala hartzen nituen. 16 urtegaz desberdina da: "Apurka geroago eta hobeto jokatu behar dut" eta antzerakoak pentsatzen hasi nintzen. Gero konturatu nintzen gozatzera irten behar nuela kantxara, barruan dudan onena ematera eta kito, etorkizunak zer ekarriko duen pentsatu barik.

Orain etxean zaude behintzat.
Bai, eta eskertzekoa da. Bolada txar bat duzunean, lagunekin geratzea edo gurasoak bertan izatea askoz  ere hobea da ordenagailuko pantaila batetik berba egitea baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!