Aurten lehenengoz ez da modelo profesionalik egongo Durango Fashion Gauean

Joseba Derteano 2019ko ira. 23a, 14:59

Gaur aurkeztu dute barikuko ekimena Durangoko Kurutzesantu Museoan.

Herritarrak izango dira pasarela gaineko protagonista bakarrak bariku iluntzeko desfilean.

Dendak Bai Durangaldeko merkatarien elkarteak Durango Fashion Gaua antolatuko du barikuan, 20:30ean, Andra Mariko aterpean. Aurtengo laugarren aldian, ez da modelo profesionalik egongo, lehenengoz. Denak herritarrak izango dira: kasting bidez hautatutako 38 nagusi eta dendek aukeratutako 15 ume.

Nobedade horrekin, “publiko denengana” heltzea dute helburu, Alex Palacios elkarteko presidenteak gaurko aurkezpenean azaldu duenez. “Pertsona lodiagoak, argalagoak, garaiagoak eta txikiagoak, denetarik ikusten da kalean eta bizitza errealeko irudi horretara hurreratu ahalko gara”, gehitu du. Beraz, aurten neurri guztietako arropa gehiago ikusi ahalko dira. “Aurreko urteetan ere egon dira horrelako arropak, baina aurten denda gehienek aurkeztuko dute gutxienez neurri handiko arroparen bat”, azaldu du Miren Garrastazu Dendak Bai-ko merkataritza teknikariak.

22 saltokiko proposamenak

Modeloek Durangoko 22 saltokitako udazken-negu denboraldirako proposamenak jantziko dituzte; adin eta estilo guztietako arropa, oinetako eta osagarriak. Saltoki bakoitzak pase bat izango du. Umeen dendek bost look erakutsiko dituzte eta nagusienek lau. Ekitaldia, urtero moduan, Yolanda Alzolak aurkeztuko du,

Desfilean zehar L’Atelier dantza eta antzerki eskolak bi dantza erakustaldi eskainiko ditu, bat klasikoa eta bestea dance estilokoa.

500 euroko zozketa

Desfilean 500 euroko deskontu txartelen zozketa egingo dute, besteak beste. Parte hartzeko, Durangoko saltokietan eskuragarri dauden flyer-ak, irailaren 16tik 27ra arteko erosketa txartelekin batera, Dendak Bai-ren bulegoan kokatutako kutxan sartu beharko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!