“Durangora heltzea berriro arnasa hartzea bezalakoa izan zen aitarentzat”

Aritz Maldonado 2019ko ira. 20a, 11:30

José Manaut Viglietti aita bezala, Stella Manaut alaba ere artista da. Kasu honetan, baina, alabak literaturara eta antzezpenera jo du. Besteak beste, 'Enamorada de un cura comunista' eta 'Mujeres infieles en la era franquista' eleberriak publikatu ditu. 2003an, Manaut Margolariaren Lagunen Elkartea sortu zuen, aitaren obra ezagutzera emateko. Aitak Durangogaz zuen harremanaz jakitun, hunkituta dagoela adierazi du Stella Manautek, eta aitaren obra herrian zein herritik kanpo ezagutzera emateko gogoz. Esker oneko ere agertu da.

Zer ikusi daiteke Durangoko museoan?

Aita urtebetean egon zen Durangon erbesteratuta. Porlierko (Madril) eta Carabancheleko (Madril) kartzeletan egon eta gero heldu zen Durangora. Pena handiagaz heldu zen hona. Urteak giltzapean, familiarengandik urrun, baliabiderik barik... Han asko margotu zuen. 

Kartzela frankistetako dokumentu grafikorik garrantzitsuena dugu, 300 marrazki baino gehiagogaz. Zati bat Madrilgo Carlos III.a unibertsitatean dago; bestea, Valentziako unibertsitatean. Horren zati bat ikusi daiteke erakusketan. Baita Durangoko egonaldikoak ere. Jendeak oso ondo tratatu zuen hemen, eta horri eskerrak konfiantza berreskuratu zuen. Aita gizon jantzia zen, oso atsegina, eta horri eskerrak berehala egin ahal izan zituen lagunak. Jendeak berak eginiko margo lanak erosten zizkion, eta hori arindua zen familiarentzat. Lan horiek jada existitzen ez den belaunaldi batenak ziren, baina euren seme-alabek, ilobek, eta bilobek oinordetzan jaso dituzte. Badakit horiek biltzeko saiakera egin dela eta horietako batzuk erakutsiko direla. Koadroez gainera, Carlos III.a unibertsitatean dauden dokumentuak ere egongo dira ikusgai. Baita kartzelako egunerokoa ere.

Zure aita zena urtebetean egon zen Durangon. Nolako eragina izan zuen sasoi horrek berarengan? Eta bere obran?

Eragina izan zuen, batez ere, bat-batean libre egon zelako berriro. Bere etxetik urrun, baina askatasuna berreskuratuta. Tokian bertan pintatzen zuen beti. Argazki gainean ere margotu zezakeen, baina lekuan bertan pintatzea zuen gogokoen. Mihisea, euskarria eta pinturak hartu, eta harrigarriak iruditzen zitzaizkion lekuetara joaten zen, hauek margotzeko asmoz. Barrualdean ere margotzen zuen, eta Durangon erretratuak ere margotzen zituen. Berarentzat sekulako arindua izan zen kartzelan egon ondoren askatasuna berreskuratzea, eta, horrez gainera, lagunak egin zituen; giro atsegin batean egon zen eta diru apur bat irabazi ahal izan zuen familiari bidaltzeko. Duragora heltzea berriro arnasa hartzea bezalakoa izan zen aitarentzat. 

Bizipoza berreskuratu zuela esan daiteke, beraz. 

Bai, noski. Eta itzelean berreskuratu zuen hemen. Imajinatu, bi-hiru urte espetxean egotea, edozein momentutan tiro bat jasotzeko arriskuagaz, eta egun batetik bestera Durangoren moduko leku batera joateko aukera edukitzea. Durangon herritar jator asko ezagutu zituen, beste istorio bat hasi zen berarentzat. Beste modu batera margotzen hasi ahal izan zen. Espetxean erretratuak margotzen zituen gehienbat, eta egoerak ere eramaten zituen koadroetara. Horri eskerrak, dokumentazio lan zoragarri bat dago eginda. Adibidez, leku txiki-txiki batean nola egiten zuten lo ikusi daiteke koadroen bitartez. Garai haretan preso politikoak, hiltzaileak, lapurrak... elkarrekin nahasita nola jolasten ziren ere ikusten da. Konfinatuta nola bizi ziren ere bai, ezer barik ahora eramateko. Hori dena ere erakusten dute bere lanek. Egoera hori bizi eta gero, Durangora heltzea berpiztearen moduko zerbait izan zen. 

Familiarentzat, edo fundazioarentzat, zer suposatzen du bera lana Durangon erakusteak?

Justua dela iruditzen zait. Aitak lorratza utzi zuen hemen, jende askorentzat garrantzitsua izan zen eta. Eta guretzat ere hunkigarria da aitaren orduko marrazkiak ikustea, eta garaian ezagutu zuen jendeagaz elkartzea. Ez da erraza, baina polita da aitaren jendeagaz eta obragaz berriro elkartzea. Durangoko kaleak, pasealekuak, zelaiak ageri dira margo lanetan, eta aitaren ispiritua ere bai, aldi berean.

Aukera ona Durangogaz zuen hartu-emana ezagutzera emateko. 

Aukera itzela da Manaut ezagutzera emateko, eta baita alderantziz ere, Durango Espainian zehar ezagutzera emateko. Esan bezala, garai gozoa izan zen aitarentzat, eta hori ezagutzera eman behar da. Aita ez zen katolikoa, ez zen praktikantea behintzat, baina parrokoaren lagun-min egin zen. Durangoko jende askok zuen estimuan, eta horregatik laguntzen zioten. Eta aitak ere marka utzi zuen hemen, jakina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!