“Emakume lez nire gorputzak zuen gaitasunean eta instintuan sinisten hasi nintzen”

Jone Guenetxea 2019ko ira. 20a, 09:33

Medikua izanda, ospitalean erditzea izan zen Izarne Totorikaren (Durango, 1988) lehenengo aukera. Etxean erditzeaz informatzen hasi zenean, ostera, iritzia aldatu zuen. Orain hiru hilabete, Lur alabaz etxean erditu zen, berak aukeratutako lekuan, berak aukeratutako giroan. Esperientzia horretatik abiatuta, Totorikak erditzeaz eta amatasunaz gogoeta egin du ANBOTOren galderei erantzunez.

Zelan hartu zenuen etxean erditzeko erabakia?

Haurdun gelditu nintzenean, nire lehenengo joera ospitalean erditzea izan zen. Gainera, Donostiako ospitalean lan egiten dut, ZIUn eta emergentzietan. 

Zerk eragin zuen aldaketa?

Haurdunentzako Magale Etxeak egin zuen tailer batera joan nintzen. Asko gustatu zitzaidan transmititzeko duten gaitasuna. Horrela, erditze aurreko tailerretara eurekin apuntatu nintzen. Ospitalean zein etxean, edozein lekutan erditzeko prestatzen zaituzte. Ahaldundu egiten zaituzte. Tailerra amaitutakoan, emakume lez nire gorputzak zuen gaitasun horretan eta nire instintuan sinisten hasi nintzen. Erditzea nire etxeko egongelan bisualizatzen hasi nintzen. Bikotekideari kontatu nion eta horri buruz informatzen hasi ginen. 

Zein pauso eman zenituzten? 

Etxean erditzeari buruzko informazioa bilatu nuen. Magalekoek emandako berbaldi batera ere joan nintzen. Ikusi genuen hautagai ona nintzela horretarako. Erantzukizunez eta arrisku baxuagaz etxean erditu nintekeen. Magalekoengana joan ginen eta baiezkoa eman ziguten. 

Orain dela gutxi, zure esperientziari buruzko gogoetaren inguruan testu bat publiko egin zenuen. Beldurrei buruz berba egiten zenuen. Amatasuna bizitzeko modua asko aldatu da? Gure amek edo amamek bizi zuten moduagaz alderatuta, beldurrez bizi dugu esperientzia hori?

Ez dakit ez ote dugun bidean, momenturen batean, gure buruarengan sinesteko gaitasun hori galdu. Gure gorputzak badaki. Gure gorputza gu baino inteligenteagoa da. Haurdun zaude, baina ez zaude gaixorik. Zure gorputzak badaki zer egin behar duen eta zure umeak badaki zelan jaio. Ez da ezer ikasi behar. Presioa sentitzen dugu dena ondo egiteko. Kapaza izango ote naiz? galdetzen diogu geure buruari. Konparaketa asko egiten dira, ea nork egingo duen ondoen.

Ama onak ez izatearen presioa sentitzen dugu?

Haurdunaldian beste emakume haurdun batzuekin kontaktuan ipintzerakoan, askok esaten zidaten uneren batean goragalea sentituz gero euren buruagaz haserre sentitzen zirela, umeagaz txarto sentitzearren. Errudun sentitzen ziren, ez zirelako jendeak esaten zuen besteko pozik sentitzen. Gure amek eta amamek askoz ere lasaiago bizi zuten egoera hau. Ez da espektatibarik eduki behar. Haurdunaldia ez da ideala, eta ez du izan beharrik. Erditzea ere asko idealizatzen dugu. Gauzak uste duguna baino naturalagoak dira. Gure buruarengan sinistu behar dugu.

Zure buruarengan sinesteak asko lagundu dizu prozesu honetan?

Ez naiz umezalea izan. Neure buruari esaten nion ez daukadala ideiarik ere umeak zelan zaindu. Ez dut Izarnerengan sinistu behar. Sinistu behar dut Izarnek emakume lez dakien horretan. Unea heltzen denean jakingo dut. 

Erditzea zelan prestatu zenuen? 

Batez ere, mentalki oso indartsu egon ginen. Bikotekideak babes handia eman zidan, batez ere azken asteetan. 42 aste betetzen genituen azken egunean jaio zen alaba. Haurdunaldia oso ona izan zen. Asko zaindu nuen neure burua fisikoki. Igeri egitera zein oinez ibiltzera joaten nintzen. Mendian ere ibiltzen nintzen. 

Eta, mentalki, zelan prestatu zineten?

Batez ere erditzea ez idealizatzen. Inguruan frustrazioa sentitu duen jendea ezagutu dut, erditzea ez zelako uste zuten bezalakoa. Berdin dio umea non jaiotzen den, edo anestesiagaz den edo anestesiarik barik. Epidurala hartu edo ez, ez zara ama hobea izango.  Gauzak zetozen moduan hartzea gura genuen. Ez dezagun helburu nagusia ahaztu: gu ondo egotea eta umea ondo etortzea. Eta, bitartean, disfrutatu ahal badugu eta zein testuingurutan gertatuko den erabaki ahal badugu, hobeto. Bestalde, bikotekideak nigan sinisten zuela esaten zidan behin eta berriro, eta horrek asko lagundu zidan.

Zelakoa izan zen erditzea?

42. astearen amaierara heldu nintzen, eta ohea hartuta genuen ospitalean, erditzea probokatzeko. Baina, azkenengo momentuan erditzen hasi behar nintzela konturatu nintzen. Desiratzen geunden. Ariketak egiten aritu nintzen, gau osoan. Goizean, emaginari deitu genion. Ospitalekoei ere esan genien martxan zegoela eta momentuz ez ginela joango. Egun oso intentsoa izan zen. 24 ordu izan ziren. Lasai nengoen, beharbada erditze batzuk ikusi eta artatzea ere egokitu zaidalako. Fisikoki neketsua izan zen, baina indartsu nengoen mentalki. Emagin biak eta bikotekidea niri laztan egiten egon ziren denbora guztian. Masajeak ematen, gauzak ekartzen… Etxe guztitik ibili ginen. Azkenean, etxeko sofan jaio zen, emaginaren hanketan jesarrita nengoela. Etzanda baino askoz ere hobeto nengoen. Grabitateak asko lagundu zigun. Horren harira, zurezko aulki bat egin genuen emaginari oparitzeko, erditzeetan erabiltzeko. 

Eta alabari aurpegia ikusi zenion momentua?

Erditzea luzea eta gogorra izan zen. Irten zen momentua itzela izan zen. Ilunetan, kandelak piztuta, musikagaz, gu laurok bakarrik… guk aukeratutako pertsonak baino ez geunden. Hain da polita erditu aditza! Eta basatia aldi berean. Azkenengo momentuan, berba egin nion umeari. “Lagundu amatxori. Zu ezagutzeko gogoa dugu”, esaten nion. Eskuetan hartu nuen umea, eta denok emozionatuta geunden, erdi negarrez. Begiak zabal-zabalik zituen. “Azkenean ezagutu zaitut”, esan nion. Gauza asko ez ditut gogoratzen. Bikotekideak kontatzen dizkit eta ez ditut gogoan. 

Ospitaleetako erditzeetan asko aurreratu da. Hala ere, oraindino badago zer hobetu?

Nik Donostiako ospitala ezagutzen dut eta uste dut oso ondo lan egiten dutela. Asko aldatu da lehenago jendeak kontatzen zuenagaz alderatuta. Erditze gelak indibidualak dira, zuk gura duzun pertsonagaz uzten zaituzte, eta lantzean behin etortzen dira. Tokatzen zaizun profesionalaren arabera dela uste dut. Gaur egun, ospitaleetako emagin gazteek beste pentsaera bat dutela esango nuke. Hala ere, badago zer hobetu. Uste dut, alde horretatik, lar patriarkalak izaten jarraitzen dugula. Besteen esku uzten dugu guk erabaki beharrekoa, eta alderantziz. 

Europako beste herrialde batzuetan askoz ere erraztasun gehiago daude etxean erditzeko. Kontu ekonomiko bat da ala mentalitate kontua? 

Europako herrialde askotan, gizarte segurantzak eskaintzen dizu etxean erditzeko aukera. Galdera ez da hemengo moduan: zein ospitaletan erditu gura duzu? Han galdetzen dizutena da non erditu gura duzun, etxean ala ospitalean. Ekonomikoki aukera biak finantzatzen dituzte. Etxean erditzea erabakitzen baduzu, emagin talde batengana bidaltzen zaituzte. Holandan, esate baterako, aseguru pribatu bat hartzen duzunean, etxean erditzea da polizan sartzen dena. Ospitalean erditzeko indikazio medikorik ez baduzu, zeuk ordaindu behar duzu ospitaleko egonaldia. Izan ere, etxean erditzea askoz ere merkeagoa da, eta emagin bi dituzu zugaz. Ospitalekoa garestiagoa da, eta emagin batek paziente asko ditu. 

Zure inguruan zein erreakzio jaso zenuen etxean erdituko zinela esaterakoan?

Lagunartean detaileak ezagutu gura zituzten. Esango nuke harrera oso ona izan duela. Batzuek esan didate planteatuko dutela. Lanean ez da horrela izan. Osasungintzako profesionalok mesfidatienak gara etxean erditzeko kontuagaz. “Zergatik, arrisku batzuk asumitu beharrezkoa ez denean?”, esaten zidaten. Nire erabakiaren berri eman nuenean, erantzunik negatiboenak lankideen aldetik etorri ziren. Animatu egiten dut jendea inguruan sanitarioren badu eta arriskutsua dela esaten badio, daturen bat ba ote duen galdetzeko. Adibidez, heriotza perinatalaren intzidentzia galde diezaiotela. Ziurrenik ez dute datuetan oinarritutako argudiorik izango. Inertziaz esaten dute. 

Zeintzuk dira esku artean dituzun datuak?

Ingalaterran, Herbeheretan, Canadan, AEBetan… badaude datuak. Hemen, ostera, datuak ez daude hain eskuragarri. Esate baterako, arrisku baxuko haurdunaldien erditzeetan, heriotza perinatala lehenengo hilean 0,5-1 litzateke 1.000 jaiotzako etxean erdituta. Ospitalean tasa berdina da. Etxean erdituz gero, ostera, interbentzio obstetriko (episotomia, zesarea...)  gutxiago daude. Beraz, etxean erditzea ez da ospitalean erditzea baino arriskutsuagoa. 

Kontziliazioa ez da existitzen eta zaintzaren inguruan erabakiak hartzea ez da erraza izaten.

Patriarkatuak oso ondo egin du bere lana. Uste genuen momentu batean etxean egotetik lan mundura irtengo ginela. Alde batetik, andre askok lan handia egin zuten emakumeok lan munduan egoteko. Bidea zabaldu ziguten. Baina, beste alde batetik, zenbat eta arinago bueltatu lanera, norentzat da mesedegarri? Guretzat, umeentzat ala sistemarentzat? Baina etxean geratzen bazara, profesionalki ez zara haziko. Orduan, zein da erabakirik onena? Norberak erabakitzen duena. Zeuk aukeratutakoa bada, horregaz egongo zara ondo. Zu gustura eta lasai egotea da umeak behar duena, eta hori bada zure aukera, ume horregaz disfrutatuko duzu zauden denbora zaudela. Ez litzateke sentitu behar umearengatik sakrifikatu zarela. Horregatik, ahalduntzea oso garrantzitsua da haurdunaldian, ondoren hartuko dituzun erabakiak hartzeko. Zeu zara zure umea gehien maite duena. Argi dago bakoitzak bere umearentzat onena izango den erabakia hartuko duela. Horretan inork ez du ezer esaterik. Askotan, superwoman konplexua izaten dugu. 

Ildo horretan, badago zer hobetu.

Berdintasun erreala gura badugu, amatasun eta aitatasun bajak luzeagoak eta berdinak izan beharko lirateke. Bestela, ez gara sekula ere aukera berdintasunean egongo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!