Txokolate fabrika batean sortzen den kimikari buruzko obra aurkeztuko du Paraisok 'Xokolat'-en

Aritz Maldonado 2019ko ira. 20a, 12:30

San Agustin kulturguneak Gasteizko Paraiso antzerki taldearen Xokolat ikuskizunagaz ekingo dio denboraldi berriari. Domekan izango da emanaldia, irailak 22, 18:00etan. Erloju suitzar batek bezala funtzionatzen duen txokolate fabrika batean kokatzen da istorioa.

Bertan gurutzatuko da Rosa A. Garcia eta Maitane Goñi aktoreen bidea: batak errutina maite du, besteak bere begirada kurioso eta dibertigarria kutsatu gura du. Euren elkarbizitzak fabrikako monotonia amaituko du eta hainbat pasarte sortuko dira. Abentura ezohiko jarduera bategaz hasiko da; hain zuzen ere, egiten duten txokolatea probatzeagaz batera. Txokolatea usaintzeak, dastatzeak, ikertzeak eta beragaz jolasteak bidaia batean zehar daramatza protagonistak.

Umeentzako antzerki baino gehiago, Arantza Arrazola San Agustineko koordinatzaileak gurago ditu horrelako ekoizpenak "familia osoarentzako" moduan izendatu. Izan ere, horrelako ekoizpenek hainbat geruza izaten dituzte, hainbat adin tarteko ikusleentzat.

24 ekitaldi abendura arte
Euskal Herriko ekoizpenek pisu handia izango dute ikasturte hasierako programazio honetan. "Bertako ekoizpenek sekulako maila dute. Iaz Espainiako Arte Eszenikoen saria jasotako Marie de Jongh eta aurten MAX saria jasotako Kukai konpainiek eskainiko dituzte ikuskizunak San Agustinen", adierazi dute antolatzaileek. Durangaldeko Gorakada eta Markeliñe konpainien lanak ere egongo dira ikusgai datozen hileetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!