Enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren aldeko apustua egitea du helburu Hazzinova zerbitzuak

Maialen Zuazubiskar 2019ko ira. 19a, 11:03

Enpresa txiki eta ertainei ekoizpen eta kudeaketara teknologia berriak hurbildu, eta berrikuntzaren aldeko apustua egin asmoz, Hazzinova zerbitzuaren aurkezpena egin dute gaur Durangaldeko Enpresa Elkartearen egoitzan. Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken zuzendari Alaitz Landaluzek jakitera eman duenez hiru hilabeteko iraupena duten proiektuetan, prozesu guztian zehar, enpresek agente baten laguntza izango dute, eta zerbitzu hori doakoa izango da.

"Gainera, zerbitzu horrek bi arlo sustatuko ditu, alde batetik enpresen antolakuntza eta bestetik enpresak nola saltzen dituzten beraien produktuak", azaldu du Landaluzek. Horrez gain, ekimen horretan parte hartzen duten enpresa bakoitzaren beharretara egokitzea helburu duela jakitera eman dute antolatzaileek. "Merkatuan jarraitzeko berrikuntza oso garrantzitsua da, merkatuaren abiadura oso handia da eta hor egoteko aldaketak egitea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Beraz, Euskadiko enpresa txiki eta ertainak animatu gura ditugu ekimen honetan parte hartzen; lehiakorrak izatea behar beharrezkoa da", esan du Landaluzek.

Enpresei berrikuntzara gerturatzeko aukera eskeintzen dien zerbitzua 6 eta 99 langile bitarteko enpresei zuzenduta dago, eta azken hiru urteetan berrikuntzarik egin ez duten enpresei egongo da bideratuta

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!