"Agenteak kalean ikustea eta herritarrengandik gertu egotea gura dut. Hori da nire helburu nagusia", adierazi du Amaia Frontaura Durangoko udaltzainburuak. Abuztuaren 1az geroztik bera da Durangoko udaltzainburu berria eta gaur aurkeztu du bere burua jendaurrean. Iker Urkiza zinegotziak bere egin ditu Frontauraren berbak eta "profil soziala" duen udaltzainburua dela nabarmendu du. "Horrek udaltzaingo gertu eta irekiago bat garatzen lagunduko digu, enpatiaduna, Durangoko herritarrek hainbeste baloratzen eta eskatzen duten hori, hain zuzen". Durangarra da Frontaura bera eta herriarekin konprometituta dagoela gaineratu du: "Durangarra naiz eta hemen dut nire bizimodua. Bertan ditut familia eta lagunak".
Emakume udaltzainburu bakarrenetakoa
Urkizak azpimarratu du, gainera, udaltzainburua figura aski "maskulinizatua" izan ohi dela normalean eta Frontaurak ekarpena egin dezakeela emakumeak polizia lanetan ikusaraztearen alde. Hain zuzen, ez da ohikoa udaltzainburuen artean emakumezkoak aurkitzea. "Oñatin bada kasu bat. Emakumea da bertako udaltzainburua ere. Nik dakidala ez dago besterik", esan du Frontaurak.
Abuztutik hona kargu berrian kokatzen eta Durangoko herria aztertzen egon dela, baina hemendik aurrera gertutasuna eskainiko duen udaltzaingo baten lanketan hasiko dela argitu du. Bi hamarkadatako esperientzia du Frontaurak. Durangora iritsi aurretik 17 urtez egon da Bilbon udaltzain eta lehen udaltzain modura. Beste 3 urte Arrasaten egin ditu ofizial eta azpi-ofizial modura.