“Lesbosen egon ginen azken egunean, ia 600 errefuxiatu heldu ziren 17 ontzitan”

Jone Guenetxea 2019ko ira. 9a, 08:52

Argiñe Alakano Loitik (Durango, 1988) lanean jardun du Lesboseko errefuxiatuen kanpalekuetan abuztuan. Refugees 4 Refugees elkarteagaz izotza banatzen eta arropa sailkatzen aritu da. 

Zein sentsaziogaz itzuli zara Lesbosetik?
Azkenengo egunera arte lanean ibili garenez, nekatuta itzuli gara, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Egun gutxirako joan garenez, dena ematera joan gara eta oso intentsoa izan da.

Zein proiektutan parte hartu duzue?
Kanpaleku txiki batean izotza banatzen aritu gara, janaria hobeto kontserbatzeko. Egun bitik behin banatzen genuen, freskeretan sartzen diren horietakoak. Proiektu horren azken txanda egin dugu, orain negura begira lanean hasi dira eta. Biltegietan neguko arropa dute eta arropa hori sailkatzen ere aritu gara.

Zelan sortu zitzaizun proiektu honetan parte hartzeko aukera?
Lankide bategaz joan naiz. Bere pisukide batek Zaporeak elkarteagaz lan egiten du eta eurek sukaldeak izan dituzte beste irla batzuetan. Lesbosen momentu horretan ez zeukaten horrelakorik, eta pentsatu genuen beste zer edo zer egin genezakeela. Bertan zein elkarte dagoen lanean aztertu genuen, eta Refugees 4 Refugees elkarteagaz bat egitea erabaki genuen.

Elkarte honek zein proiektu garatzen du Lesbosen?
Batez ere, arropa eta higienerako produktuak banatzen dituzte Lesboseko kanpaleku bateko denda batean, doan. Beste gune bat ere badute umeekin aisialdian egoteko.

Zer topatu duzu Lesbosen?
Askorik jakin barik joan ginen, eta irlara ailegatzerakoan kontraste handia aurkitu genuen hiritik kanpalekuetara. Veneziaren moduko hiri batetik espazio idor batera pasatzen zara. Kanpalekuak bero itzela egiten duen espazio sikuak dira, dendaz beteta. Gainezka egin dute eta eremuetatik kanpo ere dendak ipintzen hasi dira. Azken horiei oihana deitzen diete.

Laster negua helduko da.
Ardura handia dago negura begira.Hilabete barru euria hasiko da, eta gero, elurra. Emergentzia plan bat beharko dute han bizirik irauteko.

Zein etorkizun du honek?
Lesbosen egon ginen azken egunean, ia 600 errefuxiatu heldu ziren 17 ontzitan. Sentsazioa dut gauzak okerrera doazela eta gai hau ez dela albiste. Negua dator eta  Europar Batasunak beste aldera begiratzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!