“Kontxako estropadan estres handiko momentuak bizitzen dira”

Joseba Derteano 2019ko ira. 5a, 15:04
Ezkerretik eskumara: Iker Saenz de la Cuesta, Kepa Saenz de la Cuesta eta Jose Angel Sainz.

Asteburuan arraunketa munduko egunik handiena biziko da Donostian, Kontxako estropadarekin. Proba telebista bidez jarraitzea aukeratzen duenak, zuzen-zuzeneko irudiez gainera, askotariko informazio osagarria jasoko du: infografiak, traineru barruko irudiak, GPSak eskainitako datuak, bideo finish-a… Teknologia horren arduradun G93 Telecomunicaciones enpresa dago eta bertako kideak dira Kepa Saenz de la Cuesta (Durango, 1976), Iker Saenz de la Cuesta (Durango, 1978), Jose Angel Sainz (Ondarroa, Durangon bizi da, 1966). Asteburuan, egunak argitzen duenerako Donostian egongo dira, antolaketa lanetan.

Teknologiak ez du berak bakarrik funtzionatzen.
Iker Saenz de la Cuesta: Estropaden aurretik prestaketa lan handia dago. Joan zen asteburuan 06:25ean irten ginen Durangotik. Aquarium-aren gainaldean GPSko informazioa jasotzeko ekipoa jarriko dugu. Urgull mendian, berriz, traineru barruetan kokatzen ditugun kamera txikien seinalea jasotzeko ekipoa muntatuko dugu. Azkenik, helmugan beste azpiegitura bat kokatuko dugu, askotariko pantailekin. 
Jose Angel Sainz: Seinaleen ikuspegitik Kontxako estropada konplikatuena da. Luzeena da, ziaboga bakarrekoa, eta erdian Aquarium-a dago. Seinalea ezin dugu zuzenean jaso. Horregatik jarri behar dira azpiegiturak Aquarium gainean eta Urgull-en. 

Urduritasun handiko momentuak bizitzen dira?
I.S.C.: Bai, Kontxan estres handiko momentuak bizitzen dira. Denak urduri daude.
J.A.S.: Audientziarik handiena duen estropada da. Denboraldi osoa akatsik barik joaten bada ere, Kontxan zerbait gertatzen bada, zerbaitek ez badu funtzionatzen, horixe geratuko da gogoan.

Arraun taldeen aldetik teknologiarekiko mesfidantzarik somatzen duzue ala denek normaltasunez onartu dute?
I.S.C.: Aurten teknologia berri bat jarri dugu martxan: irteera puntuko semaforoa. Lehen eskuekin edo bandera batekin ematen zen hasteko abisua. Semaforoak zehatzagoak da. Teknologia berria da eta denek ez dute begi onez ikusi.
J.A.S.: GPS sistema txertatu zenean ere berdina gertatu zen. Gogoan dut Jose Luis Kortarekin itzelezko arazoak izan genituela. Nire ustez tranposoak zirenek ez zuten ikusi gura teknologia hori. Izan ere, GPS bidezko informazioak argi erakusten du nor doan bere bidean eta nor desbideratu den besteen kalera. Traineru biren arteko arraunak kateatzen direnean, nork du errua? Lehen ez zen ikusten, orain bai. 
I.S.C.: Gaur egun, arraunketa talde batzuek GPS sistema erabiltzen dute entrenamenduetan. 
J.A.S.: Ikusleei begira ere abantailak eskaintzen ditu. GPS barik batzutan gatxa da jakitea traineruen artean zer distantzia dagoen: nor doan aurretik, nor atzetik… GPSak informazioa zehatza eta unean-unekoa eskaintzen du. Aurten Castroko estropadan, ez zen izan traineru denetarako GPS sistema nahikorik eta txanda bi sistema hori barik lehiatu ziren. “Horrela ezin da telebistaz estropadarik ikusi” eta halakoak esaten zituen jendeak.  

Traineru barruan jartzen diren kamara txikiek ikuspegi berriak eskaintzen dituzte. 
J.A.S.: Kluben partetik kamara horiek jartzearen kontrako iritziak sortu ziren hasieran. Gero, konturatu ziren traineru barruan publizitatea jartzeko aukera eskaintzen zuela. Orain arraun talde denek gura dute kamara txikia jartzea. 
I.S.C.: Ikus-entzuleentzako ikuspegi berri eta intereasgarriak eskaintzen dituzte kamera txikiek.
J.A.S.: Traineru barruetan gertatzen dena ikusteko ez ezik, entzuteko aukera ere eskaintzen dute. 

Bideo finish-ak inoiz erabaki du estropadako irabazlea? 
J.A.S.: Orain urte bi Zarautzen bideo finish-ak denbora berdina eman zien irabazleari eta bigarrenari. Ehunen eta guzti.
I.S.C.: Orain pare bat aste, berriz, ehunen biren aldea egon zen bi-hiru traineruren artean. Baina horren amaiera estuak oso gutxitan ematen dira. 

Beste kirol batzuetan ere jarduten duzue. Txirrindularitzan, aurtengo Espainiako Itzulian ere bazabiltzate.
J.A.S.: Bai, horrela da. Frantziako Tourrean ere aritu izan gara.
I.S.C.: Kolonbiako eta Kazakhstan-go txirrindularitza lasterketa batzuetan lan egiteko eskaintzak ere jaso ditugu.
J.A.S.: Bere kirol batzuetako grafismoa ere landu dugu: saskibaloia, igeriketa, areto futbola…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!