“Pasarelan zelan desfilatu behar den ikasteko bideoak ikusten nabil etxean”

Jone Guenetxea 2019ko ira. 1a, 10:00

Edertasun lehiaketen ohiko eredua zalantzan jartzen duen ekimen batean parte hartuko du Alexia Gomezek (Durango, 1980), azaroaren 23an, Oviedon. Miss Real Model lehiaketan ez dute neurriek agintzen. Edozein pertsonak parte hartu dezake. Hasi da pasarelako bidea prestatzen.

Zelan erabaki duzu ‘Miss Real Model’ edertasun lehiaketan parte hartzea?
Oso lehiaketa berria denez, momentuz Asturiasen eta Andaluzian daude delegazioak. Andaluzioako delegazioko arduradun bat nire laguna da, eta berak animatu ninduen.

Eta delegaziorik barik, zelan parte hartuko duzu? 
Argazkiak nire lagun bati eskatu dizkiot, soinekoa lagun bategaz egiten nabil…

Zer da Miss Real Model?
‘Curvy’ modako lehiaketetan neurriak eskatzen dituzte, eta hori nahiko ironikoa da. ‘Curvy’-a bazara, suposatzen da estandarretatik kanpora zaudela. Lehiaketa hau neurririk ipini barik egiten hasi ziren. Lau kategoria daude eta edonor aurkeztu daiteke. Ez dute ez altuerarik ez pisurik eskatzen. 18 urtetik 40 urtera bitarteko pertsonek parte hartu dezakete. Beste lehiaketa asko 18tik 25era bitartekoentzat  izaten dira. 

Normalean, zein arau izaten dituzte ohiko edertasun lehiaketek?
Altuera minimoa 1’70 m. izaten da. Nesketan hori ez da ohikoena izaten. 

Zer nolako jendeak parte hartzen du?
Jende normalak, kalean ikusten dituzun horietakoak. Ez da zertan esperientziarik izan moda munduan. Nik, adibidez, ez dut sekula ere parte hartu.

Baina azken urtean modelo lanetan aritu zara.
Azken hiru edo lau urteetan asko loditu naiz, 30 bat kilo. Ez nengoen ohituta neure burua horrela ikustera, eta nahiko txarto pasatu nuen. Lagun batek proposatu zidan argazkiak ateratzen hasteko, eta gustatu zitzaidan. Argazki horiek ateratzeagatik ez dit inork ordaintzen. Argazkilariagaz elkarlanean egiten dira. Jende askok arropa uzten dit, irudi horiek publikatzearen truke. Nik interneten publikatzen ditut.

Zelan prestatuko duzu lehiaketa? 
Arropa Nafarroako argazkilari bategaz egiten nabil. Berak oihalak ditu eta beragaz nabil diseinatzen. Errazena denda bati arropa eskatzea izango liztateke, baina denda horiek badituzte beste eskaera batzuk. Nik beste era batera egin gura nuen, eta horregatik gabiltza gu geu diseinatzen. Orain, jostun bat beharko dut. 

Eta badakizu desfilatzen?
Pasarelan zelan desfilatu behar den ikasteko bideoak ikusten nabil etxean. Ez dut takoi handiegirik aukeratuko. Ez nago ohituta.  

Moda munduan, normalean, modeloak gazte hasi eta gazte jubilatzen dira. Zuk kontrako bidea egin duzu.
Hori da benetako aniztasuna, ez bakarrik tailuetan edo neurrietan. Adinean ere aniztasuna behar da moda munduan. Gainera, nik ez dut hau lan moduan hartzen. Ondo sentitzeko egiten dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!