"Poliziaren presentzia brutala izan da, nik ez dut sekula horrelakorik ikusi; asteburu osoan izan dugu helikopteroa gainean"

Aritz Maldonado 2019ko abu. 26a, 19:38

G7koek Miarritzen eginiko goi bilerak inguruetako herritarrengan eduki duen eraginari buruz zuzeneko lekukotza eman dio ANBOTOri Baionan bizi den Aitor Fuentes durangarrak. 

"Etxetik jaitsi eta kantoi guztietan zegoen polizia goitik-behera armaturik, tanketak ere nonahi zeuden". Miarritzen ez ezik, indar polizialek presentzia nabarmena izan dute asteburu osoan Lapurdiko hiriburuan ere. Baiona Ttipia gainontzeko guneetatik banatzen dituen zubiak kontrolpean eduki dituzte poliziek, adibidez. "Kontrolak egon dira uneoro. Momentu batzuetan sartzea debekatua egon da, eta beste batzuetan erdi itxita; justifikatu egin behar izaten zen faktura bat erakutsiz edo, bertan bizi zarela".

Goi bilerak bestelako eragina ere eduki du baionarren egunerokotasunean: komertzio ia guztia itxita egon da, eta "erdi hutsik" egon dira kaleak. "Giroa nahiko deprimentea izan da asteburuan, eta jendeari beldurra sartu diotelako da hori". 

Potreten Martxan

Durangarrak G7aren goi bileraren aurkako protestetako batean ere parte hartu du, honekiko desadostasuna agertzeko eta hiritarrei eragindako trabak salatzeko. "Politikoki ados ez egoteaz gainera, fartsa bat dela iruditzen zait. Gainera, ez dut ulertzen nola jartzen diren hainbeste medio eta hainbeste diru horrelako antzerki bat egiteko". Hain zuzen ere, domeka goizean egin zen Potreten Martxan parte hartu zuen Aitor Fuentesek. Ehundik gora herriko etxeetatik ebatsitako Macron lehendakariaren koadroak erakutsi ziren desobedientzia zibileko ekimen honetan. "Subidoi bat izan da, protesta jai giroan egin baitzen, eta horrek jendea kalean geratzera bultzatu zuen" azaldu du durangarrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!