"Madalenako jaiak ospatuko ditugu orain, baina, aurrerantzean, auzoaren eta auzotarren beharrizanak asetzeko lan egingo dugu"

Ekaitz Herrera 2019ko uzt. 19a, 12:00

Auzoko jaiak ospatuta hasiko du bere ibilbidea Madalenako 'Auzo alai' elkarteak. "Halaxe tokatu da. Orain jaiak ospatzea dagokigu, baina irailetik aurrera auzoaren eta auzotarren beharrizanak asetzeko lan egingo dugu". Amaia Palacio da elkarteko lehendakaria, eta ibilbidea "ilusio handiz" hasi dutela aitortu du.

Berria da 'Auzo alai'. Madalenako hainbat auzotarrek iragan martxoan sortu zuten elkartea. 14 dira bilkuretan inplikatuta dauden  auzotarrak, baina atzean duten egitura handiagoa da. 70 bazkide baino gehiago dira. Palaciogaz batera, Kontxi Mikolta eta Anuska Mikolta ahizpak dira elkartean parte hartzen duten beste auzotar bi. "Zortekoak gara, auzo heterogeneoa eta inplikatua baita gurea", diote. Iragarri dutenez, Madalena auzoari "dinamismoa" ematea dute helburu, eta arreta berezia ipiniko dute edadetuenengan. "Gaur egun, asko berba egiten da ume eta gaztetxoei buruz, baina adinduenak baztertu samar ote dauden irudipena dugu", hausnartu du Palaciok. "Gure elkartearen helbururik garrantzitsuenetariko bat, hain zuzen, horixe izango da: auzoko adinduenei eguneroko kontuekin laguntzea", dio.

"Faktura, tramitazio, telefono-arazo eta tankera horretako betebeharrekin lagundu gura diegu", zehaztu du Kontxi Mikoltak. "Baita Durangon oro har antolatzen diren aktibitateetan inplikatzen eta udalagaz zubi-lana egiten ere".

Momentuz, Palentinoan egokitutako gela batean ari dira bilkurak egiten, baina, laster, Durangoko udal euskaltegiko lokal batera lekualdatuko dira. Dena dela, etorkizun batean, elkarteak lokal propio bat eduki gura luke.

Jaia egiteko lau egun
Gaurtik hasita astelehenera arte, jaiak ospatuko dituzte auzoan. Lau egun berezi hauek baliatu gura dituzte, bide batez, jaiak "biziberritzeko". Anuska Mikoltak dioenez, "Madalenako jaiek, orain hamarkada gutxira arte, bazuten bere sona. Garai bateko indar hura berreskuratu gura dugu".  

Egitarauko ekintza guztiak Madalenako ermitaren inguruan egingo dituzte. Auzotarrak direnak zein ez direnak deitu dituzte bertan parte hartzera, eta, egingo dituzten ekintzen artean, 20:30ean egingo den tortilla dastaketa nabarmendu dute. "Aktibitate parte-hartzailea izango da. Auzotarrek etxean egindako tortillak ekarriko dituzte, ondoren, datozen guztien artean partekatzeko", esan dute. 

Amaia Palaciok, gainera, Madalenak duen auzo-izaera goraipatu du: "Urte luzez trenbideak mugatutako auzoa izan da gurea. Horrek herri txiki baten antzeko izaera eman digu. Txikitatik egin dugu bizimodua auzoan, eta horrek, ez dakit, halako harrotasun puntu bat ematen du".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!