Dali margolariaren 30 obra baino gehiago ikusgai egongo dira Durangoko museoan

Aritz Maldonado 2019ko uzt. 18a, 11:47

Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendariak erakusketa museoan edukitzea "luxu" bat dela azpimarratu du aurkezpenean. "Oso harro egotekoa da Daliren erakusketa Durangon edukitzea, izan ere, horrelakoak ikusteko hiriburuetara joan behar izaten da".

Erakusketa Salvador Dali margolari kataluniarraren 70eko hamarkadako obrek osatzen dute, batez ere. Antonella Montinaro erakusketaren komisarioak Dali heldu baten ikuspuntuaren erakusle direla nabarmendu du. "Artistak nagusitan zituen kezkak ageri dira lanetan, mistizismoa, denboraren iragana edota heriotza, adibidez". Artistaren erloju urtu ezagunak ageri dira obra horietako askotan, adibidez. 

Gaur arratsaldean irekiko ditu ateak erakusketak, 19:00etan, Montinaroren bisita gidatu batekin eta Ira Martz bikotearen zuzeneko akustikoarekin. Irailaren 15era arte egongo da ikusgai. Horrez gainera, umeentzako tailerrak ere egongo dira. 

Antonellak eta Arrizabalagak Dali bezalako artista ezagun baten obrak Durangon ikusteko aukera edukitzea nabarmendu dute. "Museoak oinarri sendoak dituela adierazten dute erakusketa hauek, eta museoa bera herrira zabaltzen laguntzen dute". Picassoren eta Chillidaren lanen erakusketak egon dira azken urteetan, eta irailean Jose Manaut artista entzutetsuaren obrekin erakusketa berri bat egingo dela aurreratu du museoko zuzendariak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!