Durangoko Udalak batzarra eskatuko dio Osakidetzari, 24 orduko pediatria zerbitzu bat aztertzeko

Anboto 2019ko uzt. 17a, 21:31
Plataformako kideak sinadura bilketa egin zutenean.

Aurreko legealdian ez bezala, Pediatria 24H plataformaren mozioa onartu du udalbatzak, EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioekin. Pediatriaz gainera, anbulantzia medikalizatu bat eta bihotz-biriken reanimazio zerbitzu bat ezartzea ere aztertuko lukete.

Gaia eskualde mailakoa dela ulertuta, plataformak proposatu du Durangaldeko udalak egotea Osakidetza zein Hezkuntza Sailagaz egin beharreko batzar horretan. Aukerak aztertu eta baloratuko lirateke bertan.

Plataformako kide Alberto Silvak azaldu du eskualdean 12.500 ume bizi direla, eta 17:00etatik aurrera larrialdi bat edukiz gero Gurutzetaraino joan beharra dutela, Galdakaon pediatria zerbitzua ez dagoelako. Bestalde, gertuen dagoen anbulantzia medikalizatua Gernikan dagoela, eta larrialdi egoera bat 15 minututan ez tratatzea "hil ala bizikoa" izan daitekeela ohartarazi du.

EH Bilduko Aritz Bravok adierazi du inbertsio bat eginda eta zerbitzuak deszentralizatuta "zerbitzu hobe bat" eman ahal dela. Herriaren Eskubideko Neskutz Rodriguezek azaldu du Osasunerako Mundu Erakundeak aholkatzen duela 120.000 biztanleko ratioetan anbulantzia medikalizatu bat egotea, eta Gernikakoak ratioa gainditzen duela, Busturialdea, Lea Artibai eta Durangaldea kubritzen dituelako.

Osoko bilkuraren aurretik, EAJk zuzenketa bat aurkeztu die alderdiei eta plataformari, eta prentsara ere bidali du. Besteak beste, pediatria zerbitzua 24 ordukoa barik 20:00ak artekoa izatea proposatu du. Neurri hori "bideragarriago" ikusten dutelako plazaratu dute jeltzaleek. Baina, horri erantzunez, plataformako kidearen ustez "ez du arazoa konponduko". Adostasunik barik, EAJk zuzenketa erretiratu du, "konfrontazioa ekiditeko" asmoz. Hala ere, ez du alderdien arteko eztabaida eta tentsioa saihestu. Adibidez, Aritz Bravok Mireia Elkoroiriberi leporatu dio EAJren proposamen bat Jaurlaritzan "arrakastatsuagoa" izateko ideia zabaldu izana; bestetik Elkoroiribek aditzera eman du plataformaren gaurko mozioko puntu berberak Herriaren Eskubideko programan agertu zirela. Baietz erantzun du Neskuz Rodriguezek, baina "programa jendeagaz landu" zutelako dela.

PSE-EE abstenitu egin da. Euren ustez, arazo bera dago erkidego osoan, eta ez dute "populista" izaterik gura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!