Landako erakustazoka herritarrentzat zabaltzea, Durangoko gobernu taldearen lehen neurrietako bat

Markel Onaindia 2019ko uzt. 16a, 10:00

EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen gobernu berriak datozen sei hilebetan garatuko dituen lehen hamabost neurrien berri eman du. Lau multzotan sailkatu dituzte neurriok: Herritarren eskaerak, Espazio publikoa, Gardentasuna eta Auzoak.

Espazio publikoen erabileraren atalean, aipagarria da Landako erakustazoka herritarrentzat zabalduko duela udalak, libre dagoen egun guztietan. Orain arte "oso gutxi" erabiltzen den gune bat dela dio gobernuak. Udazkenetik aurrera hasiko dira instalazioaren ateak zabaltzen; beraz, eguneroko aisialdirako aterpe handi bat bihurtuko da. Eragileekin batuko dira eta ekintzen egutegi bat landuko dute. 

Hauek dira iragarritako beste hamalau neurriak:

Herritarren erreibindikazioak
- Estazioko planari buruzko galdeketa egitea
- Jaurlaritzagaz biltzea, 24 orduko pediatria eta UVi medikalizatua ezartzeko eta estazio azpiko aparkalekuak erabiltzeko
- Airearen kalitateari buruzko foro bat sortzea 

Espazio publikoak
- Zebra-bide berriak sortzea
- Txakurrentzako guneak atontzea
- Merkatu plazan baserritarren mahaia eratzea eta eraikinaren eraberritzea

Gardentasuna
- Alkatearen eta liberatuen soldatak bajatzea
- Alkateagaz eta sailen presidenteekin batzartzeko aukera
- Eragileekin batzar erronda
- Udaleko barne ikuskaritza
- Kontu ematea herritarren aurrean

Auzoak
- Aramotzen, auzotarrekin batera haurren jolasgunea birdefinitzea
- San Fauston, Kapitanena baserriko obrak martxan jartzea eta pilotalekuko taberna zabaltzea
- Alde zaharrean, karkabak garbitu eta hustea

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!