“Futbolean ikusitakoak ikusita, hasieratik argi nuen lehia barik giro ona zainduko zuen kluba sortu gura nuela”

Joseba Derteano 2019ko uzt. 15a, 12:38

Mendibeltz klubeko jokalari, entrenatzaile eta presidente izan da Luisma Reyes (Durango, 1974). 14 urtean hamaika bizipen pilatu eta gero, kluba utzi du, bizitzako etapa berri bati ekiteko. Lantalde batu bat utzi duela dio, eta giro onari eusten badiote etorkizun oparoa ikusten dio hainbeste urtez defendatu duen klubari.

Zeintzuk dira Mendibeltz uzteko arrazoiak?
Aita izango naiz berriro. Orain alaba bat dut, Haizea. Algelman sindromea du eta bigarrenagaz zaila izango da denetarako denbora ateratzea.

Gogorra egin zaizu sortzen lagundu zenuen kluba uztea?
Asko kostatu zait erabakia hartzea, eta buelta asko eman dizkiot kon- tuari. Baina, tira, etapa bat amaitu- ta, berri bat hasiko dut.

Zeren falta igarriko duzu gehien?
Denerik. Klubeko kideak, partiduetako saltsa... Partiduetara joaten jarraituko dut, baina ez da berdina izango. Istorio askotan buru-belarri sartuta egon naiz, neuk horrela gura nuelako, eta orain denbora libre gehiago dut.

Talde bi mailaz igo diren urtean utzi duzu kluba. Ez da agur txarra, nahiz eta igoerak modu kuriosoan heldu diren...
Bai, bulegoetako igoerak izan dira. Taldeak desagertu dira goragoko mailetan, eta horrek ate bat zabal- du die gure talde biei. Talde nagu- siak Maila Gorenean jokatuko du datorren denboraldian, inoiz egon den mailarik altuenean.

Zelako etorkizuna ikusten diezu?
Giro onari eusten badiote, ondo joango da dena. Gure helburua sekula ere ez da izan areto-futbolaren goiko mailetara heltzea. Igoera lortuz gero, ederto, ospatuko dugu, baina ez da hori helburu nagusia. Futbol entrenatzaile izana naiz eta mundu horregaz, taldeen ar- teko gatazkekin, gogaituta heldu nintzen areto-futbolera. Futbolean ikusitakoak ikusita, argi nuen lehia barik giro ona zainduko zuen kluba sortu gura nuela.

14 urte hauetan egindakotik, zer da harroen sentiarazten zaituena?
Egin ditudan lagunak. Nire adi- nekoekin eta 15 edo 20 urte gaz- teagoak direnekin ere aritu naiz. Gazte ekintzaileak aurkitu ditut.

Gaurko gazteek kontrakoaren fama dute; asko mugitzen ez direnarena.
Ez da egia. Badaude gauzak egin gura dituzten gazteak. Ez direla mugitzen? Erremintak ematen badizkiegu eta animatzen baditugu, gazte ekintzaileak egon badaude.

Mendibeltzek urteak daramatza proiektu solidarioetan parte hartzen. Kluba sortu zenetik argi zeneukaten kontua da?
Apurka-apurka eman den kontua da. Alaba Haizearen gaixotasunak ere lagundu du klubeko alderdi hori indartzen. Iruditzen zait gazteentzat inportantea dela kirol arlotik haratago, gizarte arloko gaietan, ere murgiltzen laguntzea.

Iaz emakumeen taldea sortu izana da zure gidaritzapeko beste lorpen bat. Pozik zaude?
Ama batek urte bi zeramatzan eskatzen, bere alabak jokatu egin gura zuela-eta. Probatzea erabaki eta erantzunak harritu egin gintuen. 13 bat neska batu ziren, gehienak areto-futbolean sekula ere aritu bakoak. Eta, hala ere, aurten partidu bi irabaztea lortu dute. Oso pozik gaude.

Mendibeltzeko atezain, entrenatzaile eta presidente izan zara. Zein lan gustatu zaizu gehien?
Niri jokatzea gustatu izan zait beti. Baina kluba sortu eta handik bost urtera, gazte labekada berria etorri zenean, euren entrenatzaile izan nintzen. Ez zuten areto-futbola eza- gutzen, eta dena berria zen euren- tzat. Etapa polita izan zen eta oso gomuta onak ditut. Presidente lana zurrunagoa da, instituzionalagoa.

Zerbait gehitu gura duzu?
Eskerrak eman gura dizkiet urte haietan Mendibeltzen alde lan egin duten denei. Euren lanak egin du posible gaur egungoa. Eurak barik ezinezkoa izango zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!