Musika izango du oinarri Durangoko Azokaren aurtengo sormen bekak

Ekaitz Herrera 2019ko uzt. 12a, 13:27
Ima Garrastatxu eta Nerea Mujika, Musika Eskolan emandako prentsaurrekoan. (Argazkia: Gerediaga Elkartea)

Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago gaurdanik irailaren 21era arte. Interesatuek gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte proiektuak. Oinarriak, informazio gehigarria eta bete beharreko formulario guztiak www.durangokoazoka.eus atarian jarri dituzte eskura.

Izan konposizio hutsa ala beste arte adierazpideei lotua, dela klasikoa ala modernoa, estetika musikal guztiei irekitakoa izango da Durangoko Azokaren aurtengo sormen beka.

Beka zabalik dago sorkuntza musikalean diharduten norbanako zein talde denentzat, baina badira ezinbestean bete beharreko oinarriak: euskaraz ondutako proiektua izan beharko da eta sortzaileak berria izan beharko du (CD, maketa edota web bidezko lan bakarra izan dezake kaleratua gehienez). Proiektua 18 urtetik gorako edonork aurkeztu dezakeen arren, Nerea Mujika Gerediagako presidenteak dei berezia egin die bai gazteei eta baita modu aktiboan sortzaile diren jubilatuei ere.

Bekaren onuradunak 15.000 euro izango ditu urte oso bateko sorkuntza garatzeko. Trukean, 2020ko Durangoko Azokan aurkeztu beharko du emaitza, eta konpromisoa hartuko du hortik aurrera, egindako lana plazaratzeko. 15.000 euro horietatik "10.000 euro baino gehiago", Durangoko udalaren ekarpena direla nabarmendu du Ima Garrastatxu alkateak.

Gerediaga elkartearen eta Durangoko udalaren elkarlanetik sortu zen iaz Durangoko Azokaren sormen beka. Bigarren edizioa du aurtengoa. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!