“Bideo-jokoekin eta telesailekin saiatu ginen, baina plataformen aurrean ez dugu beste aukerarik izan”

Jone Guenetxea 2019ko uzt. 7a, 10:00

Uztailaren hasieran, Greño Durangaldeko azken bideoklubak ateak itxi ditu. Plataforma digitalen olatuak eta pirateriak ito egin ditu DVDak alokairuan ipintzen dituzten negozioak. Victor Manuel Morenoren (Durango, 1971) familiak hiru hamarkada baino gehiago igaro ditu bideoklubean. Aro bat amaitu eta beste bat hasten da Morenorentzat.

Noiz zabaldu zenuten bideokluba?
30 urte baino gehiago pasatu dira harrezkero. 80ko hamarkadan amak eta izekok abiatu zuten negozioa, eta gero neuk hartu nuen. 

Sasoi hartan, bideoklubak modan zeuden.
Lehenengo loraldi hartan, bideoklub asko zabaldu ziren, eta gero beherakada etorri zen. VHS eta BETA sistemen sasoia zen. Azkenean, VHS nagusitu zen. Hurrengo loraldia DVDagaz etorri zen. Baina amaitu egin da, plataforma digitalak direla eta. 

Hala ere, azken urteetan eutsi egin diozue.
Bai, inguruko bideoklub bakarra ginelako. 

Zelakoak izan dira azken urte hauek?
Inor kontratatu ezin genuenez, bakarrik nengoen egunero lanean, eta gogorra izan da. Negozioa beherantza zihoala ikusten genuen. Bideo-jokoekin eta serieekin ahalegindu ginen, baina plataformen aurrean ez dugu beste aukerarik izan.

DVD hauekin zer egingo duzu?
Itxiera iragarri nuenetik, jendeak erosi egin ditu batzuk. Atean telefono zenbaki bat ipini dut, baten batek pelikularen bat erosi gura badu etortzeko aukera izan dezan. Gelditzen direnak Bilbon salduko ditut. Pazientziagaz.

Alokatutako pelikularen bat itzuli barik dutenen zerrendarik baduzu?
Geratzen da norbait oraindino. Hau irakurtzen badute, itzuli ditzatela.

Zeintzuk izan dira pelikularik ikusienak azken boladan?
Azken sasoi honetan, superheroien pelikulak izan dira ikusienak, baita ‘Harry Potter’, ‘El Señor de los Anillos’ eta ‘Star Wars’ ere. Horrelako sagen kasuan, pelikula berri bat ateratzen denean, berriro aurrekoak ikusten ditu jendeak. Telesailetan, berriz, ‘Juego de Tronos’.

Eta orain dela urte batzuk, zeintzuk ziren ikus-entzuleen gustuak?
Pelikula zaharragoei dagokienez, Schwarzeneggerren eta Stallonerenak nabarmenduko nituzke. Batez ere, zine komertziala ikusi da gehien. Autore-zinemak ere badu bere publikoa, eta beldurrezkoak ere bai. 

Zinea ikusteko ohiturak erabat aldatu dira plataformen eraginez.
Zalantzarik barik. Lehen, asteburu batean eguraldi txarra egiten bazuen, jende mordoa etortzen zen. Azken boladan, eguraldi txarra aitzakia zen etxean gelditzeko eta pelikulak beste bide batetik ikusteko.

Zeren falta igarriko duzu?
Jendeagaz izan dudan hartu-emanarena. Oso gogoko izan dut bezeroekin zineari buruz berba egitea, eta haiei filmak aholkatzea. 

Dendan dauden film guztiak ikusi dituzu?
Ia denak. Baten bat amaitu barik ere utzi izan dut. 

Irailean ibilbide berri bati ekingo diozu?
Ate bat ixten da, baina beste bat zabalduko da. Deskonektatzea eta atseden hartzea behar dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!