"Ahotsa eta pianoa dira emanaldiko protagonistak, sorpresekin batera"

Joseba Derteano 2019ko uzt. 6a, 10:00

Uda Giro programaren barruan, 'Overnight' bidaia musikala eskainiko dute gaur Amaia Urzainkik (Eibar, 1965) eta Robert Oviedok.

Zer da 'Overnight'?
Sentimendu desberdinak pizten dituen gau bat azaltzen ahalegintzen gara. Errepertorioa osatzeko, momentu horretara egokitzen diren abestiak aukeratu ditugu; abestien arteko trantsizio lana egiten duten abestiak Rovert Oviedok konposatu ditu. Txikiak dira, baina oso adierazgarriak, entzuleari ikuskizunean kokatzen lagunduko diotenak. Koherentzia bat mantentzen ere ahalegindu gara, abesti zein autoreekin: amerikarrak eta garaikideak dira denak. Ahotsa eta pianoa dira programaren protagonistak, baina sorpresak ere egongo dira, emanaldia aberasten dutela uste dugulako. 
Gauean gertatzen diren egoera emozionalak ziren proiektuaren abiapuntua. Robert musikaria da ogibidez, eta konposatzaile lez zerbait egin gura zuen. Horixe izan da abiapuntua. Nire erronka abesteko ezaugarriak hobetzen lagunduko didaten abestiak aukeratzea da. Urte eta erdi daramagu proiektu hau lantzen. Ikusleari zerbait erakargarria eskaini gura genion.

Zuena ez da ohiko eskaintza.
Orokorrean, ez gaude prest musika lirikorako. Normalean, kontzertu pribatua egiten dugu emanaldia publikoaren aurrean aurkeztu aurretik, eta itxaroten genuena baino harrera hobea eduki zuen Overnightek. Gu ere lasaiago geratu ginen. Ez dago aukera askorik musika lirikoko kontzertuak eskaintzeko, eta, horrela, gu ere lasaiago goaz. Gure helburua ikastea eta disfrutatzea da. Hurrengo proiektua euskara hutsean egin gura dugu, eta musika guztia guk geuk konposatutakoa izatea. Musika klasikoa izango da, euskal folk ukituagaz

Kontzertuak lotzeko aukera gutxi, beraz.
Esaterako, Arantza Arrazola, San Agustin kulturguneko arduraduna, denerik eskaintzen ahalegintzen da. Baita herriko artistei bultzada bat ematen ere. Aurrekoan, adibidez, Bogoroditsieren kontzertua ere programatu zuen. Ezkurdiko kioskoan izan zen, eta oso polita izan zen hori. Durangoko txokoak berreskuratzeko ariketa bat da hori, azken finean. Gu ere ahalegintzen gara horretan. Zapatukoan, taula baxua izango da, eta argiekin ere jolastuko dugu. Musika lirikoan, pianoa eta abeslaria baino ez dira egoten; baina gu aldaketak egiten saiatzen gara, gauza txiki horiek ere berezi egiten dutelako ikuskizuna.

Oviedok eta zuk hainbat urte daramatzazue elkarregaz abesten.
Meritua Robertena dela esango nuke. Esan bezala, musika da bere ogibidea, eta ohitua dago abeslariekin lan egitera. Eta, pentsa, abeslariok nahiko anarkikoak gara [barrez]. Abeslariak sentitu egin behar du abesterakoan, eta horrek aldaketak dakartza aurrez adosturikoan. Bera oso ona da gero hori zuzentzen. Abesten dudanean nire sentimenduak adierazten ditut.

Urte askoan koruan ere abestu duzu. Zelan gurago duzu abestu, bakarka ala taldean?
Bakarka aritzea biluztea bezalakoa da, eta gogorra egiten da. Zuk duzun ikuspuntua agertzen duzu, eta behin plazara irtenda, gainerakoek epaitu egiten zaituzte, onerako zein txarrerako. Baina, beste alde batetik, asko ikasten ari naiz horri eskerrak. Beharbada, txikitatik ikasi beharko litzatekeen zerbait da. Bestalde, nire ustez, egokiena taldean abestea litzateke, Europan ohikoa den bezala: laukotean, seikotean edo zortzikotean. Baina oso zaila da interes eta konpromiso maila bera duen jendeagaz elkartzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!