“Jendearen gustuko formula bilatzea baino gehiago, gu gustura jardutea da lehentasuna”

Aritz Maldonado 2019ko uzt. 2a, 12:26

2016an sortutako Adi! taldeak rock ukituko jazz doinuak ekarriko ditu Durangora. Egun, Jon Urbizuk, eta Joanes Adarrak eta Antton Telleriak osatzen dute hirukotea. ANBOTOk Telleria elkarrizketatu du.

Ezagutzen duzue Jazzeruena zikloa?
Plateruena bai, baina ez naiz sekula ere Jazzeruenan egon. Argazkietan ikusi dut, baina leku eta giro politak ditu eta itxura ona hartu diot.Musika proposamen ezohikoak egoten dira bertan, eta eszenatokia ere apal samarra da. Hori guztia asko gustatzen zaigu. Gure musika proposamena ez da barruti handietarako. Gehiago da inguru goxo edo intimoetarako, eta, alde horretatik, oso itxura ona du Jazzeruenako kontzertuak. 

Ibilbidetxo bat egin duzue hiru urteotan. 
Urbizuk eta biok aurretik ezagutzen genuen elkar. Berak Musikenen jazz karrera amaitu eta gero, beste erregistro batzuetara jauzi egiteko gogoa zuen. Jazz tradizionalean asko ibili ondoren, aldatzeko gogoa zuen, beste zerbait probatzeko. Haiseran, Mariano Hurtado batu zitzaigun [Inoren Ero Ni, Anari]. Entseatzen eta kantei forma ematen hasi ginen hirukote lez; soinu aldetik ere zigilu bat sortzen hasi ginen, bateriagaz, baxu elektrikoagaz eta saxo baritonoagaz; Urbizuk saxu altua ikasi zuen Musikenen, baina hori ere aldatu gura zuen. Apurka-apurka forma hartzen hasi zen, eta egun ere forma hartzen ari da. Jendeari ere proposamen bitxia iruditzen zaio. Euskal Herrian gora doa musika instrumentalarekiko zaletasuna, baina ez da ohikoena. Jendea ahotsaren erreferentzia edukitzera ohituta dago oraindik. 

Musikan oinarritzen den giroa da gure kontzertuetakoa, patxadaz entzutekoa. Musikari oso abilak daude taldean, konpas bereziak, eta musikazaleek atsegin dute.

Esan bezala, Mariano Hurtadok grabatu zuen diskoa. Ondoren, baina, Joanes Ederra batu zen taldera. 
Mariano oso musikari ona da, baina batera eta bestera ibili beharra du, eta nahiko larri zebilen denbora aldetik. Diskoa grabatu zuen, eta bere zigilua utzi zuen bertan, izan ere, konposatzerakoan bazuen horrelako filosofia rockero bat, gutxigaz asko egitekoa. 

Halako batean, Donostiako Koldo Mitxelenan poesia errezitaldi bat egiteko deitu ziguten. Baxu-jotzaile bat behar genuen eta Urbizuk Musikenetik ezagutzen zuen Joanes. Lehenengo entseguan esan zigun gustuko zuela egiten genuena, eta ordutik hona gugaz geratu da. Mutil ona da, musikari ona, eta hirukote lez finkatu gara orain.

Berariaz egin duzue musika instrumentalaren aldeko hautua.
Ez diot harrokeriagaz, baina 'gurea hau da eta defendatuko dugu'. Orain horrela da, behintzat. Egonezin musikal antzerakoak ditugun hiru lagun elkartu gara. Egiten duguna jendearen gustukoa izatea gura dugu, baina zerbait probatzeari eman diogu lehentasuna, gu gustura jarduteari, jendeak gustuko duen formula hori bilatzeari baino gehiago. Jendeari gustatzen bazaio, hobe, noski. Kontzertu sorta hau eskaintzen ari garela, publikoaren feedbackaz ahazteko ariketa egin dugu, bestela tentsioa sortu dezakeelako taldearen baitan: 'gustatzen ari zaie?'. Guk gustura jotzen dugu, sinisten dugu egiten dugun horretan, eta gero eta askeago sentitu ahala, ikusleek ere horrela hartzen dute.

2016koagaz alderatuta, zein da Adi!-ren gaur egungo argazkia? 
Joanesen eskua igartzetik aparte, abesti sorta berri bat daukagu. Disko berria grabatzeko aukera ere badarabilgu bueltaka buruan. Egia esan, ezin gara askotan elkartu. Kosta egiten zaigu erritmo jarrai batean elkartzea, eta, beraz, jo aurretik ondo entseatzen ahalegintzen gara. Orain oso pozik gaude kontzertu sorta honegaz, eta udazken aldera lokalean lanera sartuko gara. Kontzertuetan galbahe lana egin daiteke, eta abestiak zelan hobetu ere ikusten dugu. Horixe egiten ari gara. Geratzen dena grabatuko dugu. 

Egiten diozue tokirik inprobisazioari zuzenekoetan?
Abesti guztiek egitura bat dute, noski, baina guztiok ditugu bakar-saioetarako une batzuk. Abestietan gure lizentziak hartzen ditugu. Jonek inprobisatzen du gehien, eta ikaragarria da nola jotzen duen. San Joanetan Tolosan jo dugu, eta denek azpimarratzen dute hori. Beste kontzertu batzuetan sentitu dugun magia hori Durangon ere sentitzea gura genuke. Hara joan, jotzen hasi, musikagaz disfrutatu, eta jendeagaz kimika hori sortu dela ikustea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!