Bizkaia-Durangok sasoi betean aurre egingo die Espainiako txapelketari eta Italiako Giroari

Joseba Derteano 2019ko eka. 28a, 11:30

Uztaila indartsu dator Bizkaia-Durango taldearentzat. Asteburuan, Espainiako txapelketan parte hartuko dute, Murtzian. 

Pare bat egunean atseden hartu, eta  eguaztenean Italiarantz abiatuko dira, uztailaren 5ean hasiko den Italiako Giroan parte hartzeko. Munduko itzulirik prestigiotsuenetik bueltan, Espainiako Kopako azken lasterketari aurre egingo diote.  Cristina Martinez dute lider Kopan. 

Sasoi betean
Bizkaia-Durango sasoi betean helduko da hitzordu garrantzitsu horietara. Azken asteetan Euskaldun Torneoan zein Espainiako Kopan lortutako garaipenek horixe erakusten dute. Esaterako, joan zen asteburuan, Lizarran, Espainiako Kopako lasterketan, Bizkaia-Durangoko Enara Lopezek irabazi zuen etapa, Sandra Alonso taldekidearen aurretik. Movistar talde indartsuko  Paula Patiñok hirugarren tokiagaz konformatu behar izan zuen. "Lasterketetan zer aurkari dagoen ere begiratu behar da garaipenen balioa neurtzeko, eta Movistarren aurretik geratzea oso emaitza ona da guretzat", adierazi du Agurtzane Elorriagak, Bizkaia-Durango taldeko zuzendariak. 

Aroa Gorostiza taldearen bolada on horren parte izan da. Ekainean garaipen bi lortu ditu elorriar gazteak: 23 urtez azpiko Euskadiko txapelketa eta Bergarako kronoigoera, Euskaldun torneoaren barruan. "Itxaroten genuena baino askoz ere emaitza hobeak lortzen dabil", poztu da Elorriaga.

Giroan, gerra ematera
Munduko talderik onenak batuko dituen itzulian, gerra ematea dute helburu. Iaz, estrategia ausartak erabilita, sekulako Giroa osatu zuten, eta aurten errezeta beragaz joango dira. "Ihesaldietan sartzen denak beti du etapa irabazteko lehian ibiltzeko aukera. Jarrera hori izaten ahaleginduko gara", aurreratu du Agurtzane Elorriaga Bizkaia-Durango taldeko zuzendariak.

Ez da erraza izango iazko lana berdintzea, langa oso altu utzi zuten eta. Esaterako, etapa batean hirugarren geratu eta podiumera igo ziren, Alice Maria Arzuffi italiarraren bitartez. Horrez gainera, taldekako sailkapenean lehenengo hiruren artean ibili ziren Giroko zatirik handienean. Azkenean, 24 taldetik 10. amaitu zuten, eurena baino baliabide ekonomiko handiagoko hainbaten aurretik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!