Zelan joan zen aurreko asteko emanaldia Iurretan?
Oso gustura egon nintzen, niretzat Iurretan aritzea berezia da eta. Antzezlanerako balkoi bat behar dugu, eta herritik bueltaka ibili eta gero, bazekiten obra bat erakustekoa nintzela. Gainera, Kale Gorrian dibertigarria da, baina badu ukitu makarra bat, eta gogo berezia nuen txikitatik gauzak egiten ikusi nautenen aurrean erakusteko.
Zelako harrera eduki du 'Kale Gorrian'-ek?
Leioako Umore Azokan aipamen berezia egin ziguten, eta horrek asko lagundu digu. Horrez gainera, gure proiektua asko zabaldu da ahoz aho, bai publikoaren, bai programatzaileen artean. Ez zen gure asmoa, baina adin tarte askotako publikoa ere gureganatu dugu, eta horrek eragingo zuela suposatzen dugu. Pertsona nagusi bik enpatia sortzen dute ume, gazte eta nagusiengan; guztiek konektatzen dute, eta horrek eragina izan du obran. Jendea lehenengo minututik inplikatzen da etxe kaleratzearen aurka, eta ondo konektatzen dute Begoñak eta Marinok aurre egin behar dioten egoera injustu honegaz. Berez, oso irudi biolentoa da adineko lagun bi maletekin kalean ikustea.
Horrez gainera, Gorka Agirregaz [Goya saria irabazi zuen, 2018an, Handian eginiko lanagatik] lan egiteko apustua egin genuen, eta ondo irten zaigu. Berak egin dizkigu maskarak. Ez genuen antzerkiko maskara tipikoak eduki gura. Zinearen hiper errealismora hurbildu gura genuen, eta hor asmatu egin dugu. Entseguetan kalera irtetean, pertsona nagusiak bagina bezala tratatzen gintuzten, eta horrek pista ugari eman zizkigun kalean jolasteko eta inprobisatzeko. Iaz, hamabost emanaldi egin genituen, eta aurten beste hamar egin ditugu. Dozena bat ditugu aurretik oraindino.
Beraz, aukera ona da obra Durangon ikusteko.
Publikoak eskertzen du asko arituta etortzea. Momentu honetan, sasoiko gatoz. Esketx klasikoak dira asko, oinarrizko klown timing bat darabiltenak. Ondo erabiltzen ez baduzu, ez du funtzionatuko, baina ondo eginez gero, bere puntuan eramanez gero, publikoak gozatua hartzen du eta izugarri disfrutatzen du.
Kale antzerkian, zer garrantzi du publikoagaz interaktuatzeak? Alde handia du aretoko antzerkiagaz?
Hasteko, kalean ez dago laugarren horma hori, agertokiaren ahoak izango lukeena. Kale antzerkian, ikuslearen etxean edo zure herrian sartzen da antzezlana, eta jendea, lotsa galduta, interaktuatzera ausartzen da. Hori lorpen bat da, baina guztiz zentratuta egon behar duzu horretara, publikoari zenbat ematen diozun neurtu behar duzulako ere. Arriskutsua izan daiteke, herritarrek parte hartzen dutelako, ume zein nagusi, eta kontuan hartu behar da hori. Egia esan, guk urteak daramatzagu horretan lanean, eta baliabide asko ditugu horregaz jolasteko. Ni neu asko betetzen nau horrek, eta ikaragarri maite dut kaleko antzerkia egitea. Gustuko dut auto bat igarotzea, hark klaxona jotzea, eta nik erantzuteko aukera izatea, beti ere pertsonaiaren hariaren barruan. Pertsonaia bera bizirik dagoela transmititu dezakezu, eta sentsazio itzela da hori. Aktore batzuek beldurra diote horri, baina niri gustatzen zait.
Kaleko kultura-eskaintza hazten ari dela uste duzu?
Orain urte batzuk baino eskaintza gehiago dago, baina, egia esan, jaialdi edo ekimen hauek antolatzaileen inplikazio pertsonalagatik aurrera egiten dute. Gauza gehiago daude, bai, baina ezin gara horrela geratu, eustea bakarrik sekulako lana delako. Erakundeetatik bultzada eman behar zaie kaleko arteei; kulturari, orokorrean.
Herritar modura ere, babestu egin behar dira horrelako ekimenak, ikasturte amaieran umeen emanaldira goazenetan bezala. Politikarien baremoaren arabera, publikorik ez badago, ez dago diru-laguntzarik. Artea eta kultura defizitariotzat hartzen dira, ez dutelako diru sarrerarik sortzen, baina pentsaera hori aldatu egin behar da. Jendeak jarrera aldatu behar du, beharrezkotzat ikusteko. Ezin dugu guztia ekimen pribatuaren eskuetan utzi.
Zergatik ikusi behar dute durangarrek 'Kale Gorrian'?
Obra ikustera joateko deia egiten diet durangarrei. Baita iurretarrei ere, jakina. Eta ikusi zutenei, gainerakoei gomendatzeko eskatzen diet. Edozein artek jendea eraldatzen du, eta hurbildu egin behar zaio. Ez dago Guggenheimera joan beharrik arteaz gozatzeko.
Gure produktuen autokontsumoa sustatu behar dugu, eta esportatu gero. Eta noski, kanpoko gauzak ekarri, aberastu egiten duelako. Kaleko arteagaz gertatzen dena ezagutzera emateko ahalegina egin behar dugu; azken urteetan, bertako ekoizpen asko MAX sarietan lehiatu dira: Gorakada, Kukai, Ertza, Kulunka... Kanpoan harritu egiten dira hemen egiten dugunagaz. Hemengo ekitaldietara joan beharra daukagu, eta kontzienteak izan behar dugu, produktu oso onak egiten direla gure herrialdean.
Baduzu beste produkturik esku artean?
Kale Gorrianen emanaldiez gainera, uztailean eta abuztuan Bilboko zine jaialdia aurkeztuko dut hirugarren urtez. Uztailean, Txarriboda musikalagaz jarraituko dut; sei lagunek parte hartzen dugu, zuzeneko musikagaz, eta harrera ona izan du. Camiselle obra ere berreskuratuko dut; urtarrilean Zornotzan egongo gara haur lapurtuei buruzko obra honegaz.