Euskal Jaiaken amaiera Akelarregaz eta Matias Sagrerasen kontzertuagaz

Aritz Maldonado 2019ko eka. 22a, 11:50

Durangoko Kriskitin dantza taldekoek hamar urte baino gehiago daramate San Joan bezperako gauaren inguruko Akelarre ikuskizuna plazarik plaza erakusten. Elorrion, Mungian eta Sopelan egon dira, besteak beste. Durangon bertan, hainbat bider erakutsi dute dantza eta kantua uztartzen dituen ikuskizuna. Kasu honetan, San Roke auzoan izango da emanaldia, Herria elkarteagaz elkarlanean antolatuta.

Ia ordubete irauten duen ikuskizunean 50 bat lagun batzen dira: erdiak baino gehiago dantzariak dira, eta, eurekin batera, albokari batek, soinulariek, txalapartariek, biolinistek eta Doinuzahar abesbatzako lagunek parte hartuko dute. 

Herritarren festa
Durangoko dantza taldeak antzinako akelarreetarako bidaia proposatzen du ikuskizun honegaz. Hain zuzen ere, Kriskitinek eginiko ikerketa lan baten ondotik, XVI. mende inguruko herritarrek jaia nola bizi zuten irudikatuko dute. "Herritar arrunten festa bat zen, gizon eta emakumeek ospatzen zutena, ondo pasatzeko asmoagaz", azaldu du Egoitz Esturo Kriskitineko kideak. Parte-hartzaileek garaiko arropa jantziko dute, ahalik eta errekreaziorik fidelena egiteko asmoz. Dantzarien mugimenduei zein ikuskizunari berari laguntzeko, sua ere presente egongo da San Rokeko jaian.

Organo kontzertua
Kriskitinen emanaldia 2019ko Euskal Jaiak zikloa itxiko duen emanaldia izango da. Aurretik, zapatuan, hilak 22, Matias Sagreras organista argentinarrak kontzertua eskainiko du Andra Maria elizan. Sagreras Buenos Aireseko basilikako organista da, eta azken ikasturtea Donostiako Musikenen igaro du goi mailako ikasketak egiten. Arandoño elkarteko Xabier Aranaren esanetan, horrek Durangora ekartzea erraztu du. "Sekulako zortea dugu Durangon horrelako maila duten organistak edukita", esan du. Maiatzean Olivier Latry egon zen, eta azaroan David Brigsek eskainiko du kontzertua. Zapatu honetako kontzertua 20:00etan hasiko da. Hilabete inguruan, 40 ekitalditik gora egin dira Durangon, 28 elkartek antolatuta. Besteak beste, musika emanaldiak, kirol jarduerak eta mendi ibilaldiak antolatu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!