Bizirik dagoela aldarrikatzeko, Herri Maitek kontzertua eskainiko du, akordeoiagaz eta perkusioagaz

Aritz Maldonado 2019ko eka. 22a, 11:00

"Inork gutxik imajinatuko zuen 2019an bizirik jarraituko genuela", adierazi du Durangoko Herri Maite akordeoi taldeko Antonio Nuñezek, ekainaren 22ko kontzertua iragartzerakoan. "Kontzertu hau bizirik gaudela aldarrikatzeko da. Egin dugun lan handiari eskerrak, eta hainbat aldaketa eta birmoldaketaren ondoren, hemen gaudela esateko", esan du. Kontzertu honetarako, akordeoiez gainera, perkusioaren laguntza ere izango dute. Iker Hernandez Legorburu bateria-jotzailea izango da arduraduna.

Nuñezen berbetan, kontzertua berezia izango da, izan ere, abestiak ezagunak izan arren, ezohiko formatu batean gozatuko ditu ikusleak. "Ez da batere ohikoa akordeoi orkestra batek abesti hauek jotzea; gehienak ezezagunak dira formatu horretan", adierazi du. Horrela, doinu ezberdinek beteko dute Jesuitetako agertokia. Besteak beste,  Braveheart, 2001: A Space Odissey eta The Last of the Mohicans pelikuletako musika joko dute kontzertuan. Doinu latinoek ere eurenganatuko dute protagonismoaren zati bat. La Bamba eta Oye como va abestiak ipini ditu Nuñezek adibide lez. Emanaldia borobiltzeko, We are the World ezaguna joko dute. "Abesti honek sasoi bat markatu zuen, eta helburu on bat zuten hainbat musikari ezagun batu zituen", gaineratu du. Guztira, hamazortzi abesti eskainiko dituzte.

Ikus-entzunezko emanaldia
Akordeoiaren eta perkusioaren doinuak nahasteaz gainera, ikuskizuna aberastuko duten ikus-entzunezko proiekzioak ere egongo dira emanaldian. Endika Delgado arduratu da lan hori egiteaz. "Lan handia izan da, eta bilatu, egokitu, aldatu eta abestiak prestatu, denabatera egin behar izan dugu", azaldu du Nuñezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!