Andraguneak mekanika ikastaroak antolatu ditu emakumeak ahalduntzeko

Jone Guenetxea 2019ko eka. 19a, 09:17

Emakumeok mekanika kontuetan ezin garela trebeak izan behin eta berriro transmititu diguten estereotipoa da. Ideia horiek ezeresean gelditu dira Andraguneak antolatu dituen mekanika tailerretan parte hartu duten emakumeentzat. Urtarrilaren 8tik 21era bitartean,  hamar emakumek mekanikari buruzko hamazortzi saioko ikastaro batean parte hartu dute. Besteak beste, tailerreko erremintak ezagutu eta erabili dituzte, eta gurpilak aldatzen, motorra desmuntatzen eta kotxearen mantenua euren kabuz egiten ikasi dute. Paz Carbajosa Dalmau mekanikariak eman du ikastaroa. 

 Bakoitzak bere kotxea eramateko aukera izan du, ikasitakoa praktikan jartzeko.  "Iurretako Institutuak erraztasun guztiak eman dizkigu tailerrean ikasi ahal izateko. Baldintza eta erremintarik onenak izan ditugu", esan du Carbajosak. Gurpilak zein argiak aldatzen ere ikasi dute ikasleek. "Asko ikasi dute. Gainera, konturatu dira geroago eta interes handiagoa dutela mekanikaren inguruan. Eta euren artean oso giro ona sortu da", azaldu du irakasleak. 

Tailerraren helburua emakumeak ahalduntzea izan da. Helburu hori beteta, datorren urtean gai honetan gehiago sakondu gura dutela diote ikasleek. Beraz, baliteke datorren urtean bigarren tailer bat egitea. 

Mekanikarien estereotipoak 
"Gura zein ez, estereotipoekin hazi garela konturatzeko balio dute ikastaro hauek. Esan digute hau ez dagoela guretzat eginda". Ikastaro honen bitartez, ahalduntzeko eta autonomia lantzeko bidea zabaldu dute. "Beti izan gara besteen laguntzaileak. Ikastaro honen bitartez, guk geuk ikasi dezakegu, eta oso trebeak garela konturatu gaitezke". Autoestimua lantzeko ere balio izan du. "Funtzionatzen ez zuena martxan jartzeak ahaldundu egiten du. Autogestiorako pausoak emateko ere balio du", gaineratu du irakasleak. Bestalde, konponketa asko norberak egitera, poltsikoak ere igartzen du.

Hirugarren aldia
Andraguneak hirugarrenez antolatu du mekanika ikastaroa. "Oso polita da emakumeen aldaketa ikustea ikastaroak aurrera egiten duen heinean. Hasieran, zerbaitek ez die funtzionatzen eta gelditu egiten dira.  Baina, azkenean, trebezia itzela hartzen dute. Erremintak zelan erabili ere ez dute jakiten hasieran. Gero, tailerrean aurrera eta atzera ibiltzen dira, eta torlojuak abilezia handiagaz kentzen hasten dira", dio Carbajosak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!