Bizkaiko buletin ofizialaren maiatzaren 14ko edizioan argitaratu zuen URAk obrarako baimena. Presa, harri-pausoak eta apur bat beherago dagoen Iurretarako zubia –Deabruaren zubia lez ezaguna– kentzea ahalbidetzen du. Eskatzailea Inmoloiola Arripausueta SL enpresa da, Txibitenan etxeak egiteko proiektu bat duena. Eremua errekatik gertu dagoenez, ur maila igotzerakoan segurtasuna irabazteko helburua izango du obrak. Baimenaren agindua argitaratu zenetik, 30 eguneko epea ipini zuten alegazioak aurkezteko; beraz, azkenetan dago epe hori.
Babestu beharrekoa
Kontua da Arripausueta eta Deabruaren zubia babestu beharreko elementu interesgarritzat izendatuta dauzkala udalak bere arau subsidiarioetan. Arripausuetagaz batera, herriko beste 30 puntu ditu zerrendatuta: Kurutziagako gurutzea, Santa Anako eta San Agustingo presak, Nebera, Andra Mariko elizpea, Santa Anako arkua... Aparte, 46 eraikin ere badaude babestu beharrekotzat katalogatuta.
"Memoria kolektiboa"
Arripausuetaren balioaz galdetuta, babesteko hainbat arrazoi eman ditu Jose Mari Uriarte historialari durangarrak. Lehenik, memoria kolektiboa aipatu du: "Memoria kolektiboan garrantzi handia izan du, igeri egiteko eskola izan baitzen belaunaldi batentzat. Adibidez, neuk ere han ikasi nuen igeri egiten". 60ko hamarkadan kokatzen ditu akordu horiek Uriartek. Sasoi hartan ura garbi zetorrela dio eta, gero, industriaren etorrerak eremu hartan bainatzeko ohituran eragin zuela. "Gogoratzen dut egun batean, bat-batean, Ibaizabal osoa gorri agertu zela. Eta milaka arrain ur azalean hilda. Isurketa basatia izan zen". Joseba Sarrionandiak ere inguru hori gogoan du Ibaia abestian: Erreka labur mehe, herdoil urez betea. Han ibiltzen ginen, antzina, hango harri-pausuetan.
Bonbetatik ihes egiteko
Harri-pausuei dagokienez, Uriartek azaldu du ez dagoela eraikuntza horren dataziorik, baina gerra aurretik ipinita zeudela. "Are gehiago, bonbardaketan jende askok hortik egin zuen ihes mendirantz", esplikatu du. Beraz, bonbardaketaren memoriagaz ere badu lotura.
Deabruaren zubia eraitsi eta oinezkoentzat pasagune bat sortu gura dute orain proposatutako obragaz. Uriartek zubia ere babestu beharrekoa dela dio: "XIX. mendekoa da, Iurretatik Durangora ura ekartzeko helburuz sortutakoa".
Udaletik azaldu dutenez, URAren proposamena eta alegazio posibleak aztertu behar dituzte, eta une hauetan teknikarien eskuetan dago gaia. Ikusi beharko da ate joka dagoen gobernu aldaketak Arripausuetaren etorkizunean eraginik duen ala ez.