“Azken urteetan, auto klasikoen boom bat izan da hemen, eta orain modan daude ”

Joseba Derteano 2019ko eka. 14a, 09:28
Alain Zenigaonaindia —ezkerrean— eta Javi Morales durangarrak Chevrolet C10 klasikoarekin.

Azken asteburu bietan Euskal Herrian egin diren auto klasikoen erakustaldiak zenbatzen hasita,  zerrenda luzea osatu dute Javi Morales eta Alain Zenigaonaindia durangarrek. Modan daudela diote. Eskuko Racing Eskuderiako kideak dira eta, zapaturako, Durangoko auto klasikoen erakustaldia antolatu dute Landako Erakustazokan.

Zer ikusi daiteke erakustaldian?
Javi Morales: 90 bat auto klasiko batuko dira. Goizean, 11:00etan hasita, denok elkarregaz ibilbide bat egingo dugu, Muniketatik. 14:00etatik 20:00etara, autoak ikusgai egongo dira Durangoko Landako Erakustazokan. Tarte horretan, sari banaketa egingo dugu. Aspanovas elkartearen stand bat ere egongo da. Elkarte honek kantzerra duten Bizkaiko umeei laguntzen die, eta eurekin kolaboratzen dugu.

Bisitariak kuriosoak izaten dira?
J.M.: Normalean, jendeak argazkiak ateratzen ditu. Interes gehiago dutenek autoa nondik ekarri dugun, noizkoa den, non berriztu dugun eta halakoak galdetzen dituzte.

Jabi, aurtengo aldia zure aitaren, Antonio Moralesen, oroimenezkoa da. Asko laguntzen zizun?
J.M.: Bai. Aita on baten moduan, ahalik eta gehien laguntzen zigun ekimenak antolatzerakoan. Horretarako prest zegoen beti.

Baduzu berea izandako autorik?
J.M.: Bai, Seat 850 bat. Istorio bat dago horren atzean. Aitarena izandako auto hori eskurik esku ibili zen gerora. 20 urte geroago, Elx-ko autoak desegiteko toki batean aurkitu nuen. Eskuratu eta berriztu egin genuen. Auto berezia da niretzat, besoan tatuatua dut [tatuajea erakutsi du]. Aitak auto bi baino ez zituen eduki bizitza osoan. Bestea, Opel Kadett-a, Durangoko erakustazokaren erdi-erdian ipiniko dugu bihar, bere oroimenez.

Zenbat auto klasiko dituzue?
J.M.: Hamalau eduki ditut. Gaur egun lau ditut. Aipatutako Seat-agaz gainera, Chevrolet C10, Ford Scort eta Ford Granada familiarra ditut.
Alain Zenigaonaindia: Nik ez daukat bat ere. Buruhauste handia ematen dute. Asko sufrituko nuke, konponketa hau edo bestea behar duela pentsatuta bakarrik.
J.M.: Klasikoen munduan, gehiago dira autoa berriztea gustatzen zaienak. Gero, nire moduko jende arraroa dago, autoak hainbeste ez berritzekoak, bizi izan dutena bistan geratu dadin. Berrizteak balio ekonomikoa handitzen dio, baina xarma kentzen dio. Gas Monkey telebista programa amerikarrak kalte handia eragin du (barrez).

Auto klasikoak eraberritu eta saldu egiten dituzte programan. Zergatik diozu kaltea eragin duela?
J.M.: Tira, esateko modu bat da. Programa horretan, berriztutako autoak asko gustatzen zaizkion jendea dagoela hemen esan gura dut, ni neu barne: lurraren arrasean dauden autoak, hagun lodikoak…
A.Z.: Kontu estetikoa da. Autoen pertsonalizazioa beste maila batera eraman zuten.

Zein auto klasiko edukitzea gustatuko litzaizueke? Ametsetako bat.
A.Z.: Nik oso argi dut: Citroen BX bat. Izan nuen lehenengo kotxea da. Ikaragarri gustatzen zait. Ez dakit zergatik. Oso auto zatarra dela esaten didate denek eta, bai, baliteke, baina badu zerbait berezia niretzat.
J.M.: Nik Ford A Hod Rod bat eduki gura nuke, 1930eko auto eraldatua. Europan ez dago horrelakorik, homologazio eta beste hamaika konturengatik. Ameriketan, ostera, horretatik bizi dira asko, autoak eskuratu, pertsonalizatu eta saltzetik.

Aipatu duzun Ford A hori edo Porsche berri bat aukeran emanez gero, zein aukeratuko zenuke?
A.Z.: Ford A hori, dudarik barik. Nire ustez, ez dago Porcherik edo Ferraririk auto hura ordezkatu dezakeenik. Klasikoek historia bat dute gordeta, auto berriek ez dutena.

Ameriketako Estatu Batuak paradisua dira auto klasikoei dagokienez?
J.M.: Han askoz ere askatasun handiagoa dago. Auto baterako edozein pieza daukate. Baita orain dela ehun urteko auto baterako ere.
A.Z.: Ordezko pieza originalak izaten dira, gainera.

Auto klasikoen zale asko zarete?
J.M.: Azkenengo hiru bat urteotan, auto klasikoen boom bat izan da, eta modan daude. Gu hasi ginenean, urtean bost erakustaldi zeuden.
A.Z.: Plentzian, Usansolon, Durangon eta pare bat toki gehiagotan egiten ziren.
J.M.: Orain, astebururo daude. Tokian tokiko auto klasikoen elkarteetako presidenteok whatsapp talde bat sortu dugu erakustaldien datak koordinatzeko, baina, hala ere, zaila da. Orain gutxi, Mallabian egin da bat; joan zen asteburuan, Arrasaten, Ortuellan eta Idiazabalen egin ziren; bihar, Durangokoa dago; eta domekan, Lemoakoa. Begira zelako zerrenda osatu dugun.
A.Z.: Garaje batean gordeta egotetik errepideetan inoiz baino kilometro gehiago egitera igaro dira. Modan daude, bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!