“Prostituzio-etxeak emakumeak deshumanizatzen dituzten kontzentrazio esparruak dira”

Jone Guenetxea 2019ko eka. 14a, 09:15
Argazkia: Lehior Elorriaga

Amelia Tiganus aktibista feminista bizirik itzuli da infernutik. Esplotazio sexualaren biktima izan eta gero, bere burua berreraiki du, eta prostituzioaren atzean dagoen errealitatearen berri ematen dihardu. Ez dira urruneko herrietan gertatzen diren eraso eta gehiegikeriak. Norberaren kalean zein herrian gertatzen dira. Milaka emakume ikusezinek bizi duten esklabutza egoera da. Milaka gizon puterok kontsumitzen duten merkatua da.

Zelan bilakatu zinen salerosketaren biktima?
Esango nuke biktima egin nindutela. 13 urtegaz talde bortxaketa bat jasan nuen. Hortik aurrera, nire bizitzan haustura bat dago, ez bakarrik bortxaketagatik. Sozialki suposatu zuena ere gogorra izan zen: marginalizazioa, estigmatizazioa, berbiktimizazioa... Momentu horretatik aurrera, bortxaketak sistematikoak izan ziren. Etsi egin behar nuen. Askotan, hori kontsentimenduagaz nahasten da. Bizirik irauteko modu bat da. Egoera hain babesgabe horretan, eurenganatu egin ninduten. Prostituzioak dituen abantailez berba egiten hasi zitzaizkidan, eta prostituzioagaz aberastutako emakume batzuk ipintzen zizkidaten adibide lez. Gaur egun ere, prostituzioaren alde berba egiten duten emakumeak ereduak dira egoera ahulean dauden beste emakumeak erakartzeko. Nik berriro ikasten hasi gura nuen, egonkortasuna gura nuen. Hamazazpi urte nituen, eta aukera horri heldu nion. 

Zelan etorri zinen Errumaniatik estatu espainiarrera?
Alacanten hasi nintzen. 300 euroren truke saldu ninduten, proxeneta espainiar bati. Bost urtean, 40 prostituzio-etxetan egon nintzen. 

Zelakoa izan zen infernu hori?
Prostituzio-etxeak emakumeak deshumanizatzen dituzten kontzentrazio esparruak dira. Objektu bilakatzen gaituzte, proxenetak aberasteko eta puteroek ondo pasatzeko. 

Puteroei buruz dagoen irudia eta errealitatea desberdinak direla diozu. 
Batzuek esaten duten moduan, puteroak "gizon normalak" dira. Imajinario popularrean esaten da gizon horiek ez direla ederrak fisikoki, edo ezkongabeak direla. Baina ez da horrela. Gehienak beste emakume bategaz konprometituta daude. Gainera, geroago eta gazteagoak dira. Bortxatzaile eta putero baten artean dagoen ezberdintasuna da puteroek ordaindu egiten dutenez erantzukizuna kentzen zaiela. Estatistikek diote 10 gizonetik lauk kontsumitu dituztela edo kontsumitzen dituztela emakumeen gorputzak. Beraz, denok ezagutzen dugu baten bat. 

40 prostituzio-etxe horien artean, Euskal Herrian egon zara?
Bai, hainbatetan. Gainera, Euskal Herrian kultura putero handia dago. Ezin dugu ahaztu gizonik gehienek kuadrilako afaria, jaiak edo despedidaren bat izaten dutela astean behin, eta prostituzio-etxeetan amaitzen dutela. Gizonek maskulinitate patriarkal horregaz jarraitzen dute, eta geroago eta prostituzio-etxe eta pisu gehiago daude. Zebitzari moduan lan egiten nuen jatetxean, putero asko aurkitu ditut euren bikotekideagaz bazkaltzen. Beste pertsona batzuk ematen zuten, otzanagoak. Emakume horiek ez lukete sekula ere pentsatuko gizon horiek putero batzuk direla. Baina, transformatu egiten dira, ahal dutelako eta onartu egiten zaielako. Horrela indartzen dute euren maskulinitatea, emakumeak iraintzen. Emakume bat irainduta, beste denok ere iraintzen gaituztelako.

Sistema honetan, pornografiak zein paper jokatzen du?
Pornografia da motorra martxan mantentzen duena. Rosa Cobok dioen moduan, prostituzioaren marketina da. Nire esperientziatik putaren fabrikazioaren teoria landu dut. Era berean, puteroak sortzea ere beharrezkoa da errubedak bueltak ematen jarraitu dezan. Hartara, pornografia da prostituzioaren eskaera sortzen duena. 

Interneten bidez, geroago eta gazteagoek eskura dute pornografia.
Ikerketa baten arabera, zortzi urteko umeek sarbidea dute pornografia gogor eta misoginora. Adin horregaz emakumeen kontrako biolentzia horretara sarbidea izatea oso kezkagarria da. Gizarte honetan ez dugu hezkuntza sexual-afektiborik, beraz, publiko hain gazteak biolentzia mota hori kontsumitzea oso arriskutsua da. 

Zenbat denboran jasan dezake pertsona batek horrelako egoera bat?
Prostituta baten bizitza erabilgarria bi edo hiru urtekoa da. Gero, desgaste fisiko eta psikologikoa itzela da. Emakume asko isiltasunean irteten dira. Jendarteak eta instituzioek abandonatu egiten dituzte. Ematen diguten tratamendu bakarra pilulak errezetatzea da. Antidepresiboak. Horrela ezkutatzen da patriarkatuak gaixotu gaituela. Hori, kasurik onenean. Askok bere buruaz beste egiten dute edo erailda amaitzen dute. Bizitza oso biolentoa da. 

Prostituzioan diharduten emakumeek estigmatizazioa bizi dute.
Emakume askok arazoak dituzte prostituta baten inguruan berdintasunetik berba egiteko. Emakume askorentzat ez dira ahizpak eta ez dira berdinak. Ustez, libreki erabaki dute prostituzioan jardutea. Prostituzioan dabiltzan emakumeen %80 migratzaileak dira eta ez dute batere babesik. Horregatik, proxenetismo forma guztiak zigortzearen aldekoa naiz. Estatu honetan, emakumeen esplotazioa baimentzen da. Gure errepideak kontzentrazio esparruz beteta daude, emakume txiroez beteta. Ez dute beste aukerarik. Biolentzia sexualaren kontra bagaude, biolentzia guztien kontra egon behar dugu, diru trukea egon zein ez. Gainera, diru horrek proxeneta eta ogasuna aberasten ditu. Kaleak hainbat goiburugaz betetzen ditugu: Erasorik ez erantzunik gabe, Ez ezetz da, nik sinesten zaitut. Baina, gero, astebururo, gizon askok "bai" baino esan ezin duten emakumeei egiten diete eraso, taldeka ere bai. Emakumeak mehatxatuta daude, babesik barik. Atea zabalik egon arren, prostituzio-etxe horren kanpoan ez dute ezer. Gizarteak lobby proxenetaren diskurtsoa errepikatzen du, hau da, libreki erabaki dugula eta kotizatu egin beharko genukeela. Emakumeak berbiktimizatzea da hori, eta egoera horretan daudenak berdin jarraitzera bultzatzea. 

Atea zabalik egon arren, kontrolerako zein sistema daude?
Bikotean tratu txarrak daudenean, kalte psikologikoak daudela ari gara azaltzen feminismotik, emakumea hortik irtetea zailtzen dutenak. Prostituzio egoeran dauden emakumeei ere gertatzen zaie hori. Kalte psikologikoak detektatzeko askoz ere zailagoak dira, emakumeen aldetik ere. Batez ere, politika publikoak behar dira, prostituzio egoeran dauden emakumeek hortik irten gura badute laguntza jaso dezaten. Formakuntza, terapia, etxebizitza, babesa, aholkularitza juridikoa... Hori existitzen ez den bitartean, egoera hori aukeratu dutela esateak ez du zentzurik. Aukeratu, zeren artean? Emakume askok ez dituzte euren eskubideak ezagutzen, ezta hizkuntza ere. Eurak eta euren familiak mehatxatuta daude. Eta, horregatik, egunero egin behar dute paper hori. 

Esklabutza egoera horren aurrean, gizarteak eta instituzioek beste alde batera begiratzen dute. Zergatik?Hasteko, emakume eta umeen esplotazio sexualaren industriak egunean hamar milioi euro mugitzen dituelako. Bestalde, agenda politikoan ez badago, gizarteari garrantzitsua iruditzen ez zaiolako da. Hala ere, berdintasunaren bidean urrats hori ere eman beharko dugu. Emakumeok askatzekotan, denok askatu gaitezen. Ez bakarrik ezetz esan dezaketenak. 

Kolonialismo sexualaz berba egiten duzu. 
Espainia Europarako sarrera da, bai hegoaldeko emakumeentzat, bai ekialdekoentzat. Ekialdeko mugak zabalik daude, merkeagoa izan dadin. Horregatik daude prostituzio-etxeak errumaniarrez, ukrainarrez eta bulgariarrez beteta. Kolonialismo sexuala presente dago. Rosa Cobok dioenez, puntu honetan zapalkuntza guztiek bat egiten dute: patriarkalak, kapitalistak eta arrazistak. 

Feminismoak zelan lagundu dizu zure egoera ulertzen? 
Hasteko, sistema prostituzionaletik irtenda. Nire prozesua errespetatu duen ingurua aurkitzeko zortea izan dut. Horrela berreraiki dut neure burua. Orain bost urte teoria feminista ezagutu nuen, eta, une horretan, bizitako guztiari berbak ipini ahal izan nizkion. Nire istorio pertsonala ez zela nirea bakarrik konturatu nintzen. Patriarkatuak gizonen esku ipintzen dituen emakumeen historia dela konturatu nintzen. Momentu horretan konturatu nintzen errua eta lotsa sentitu behar dutenak ez garela egoera hori bizi duten emakumeak, sistema honek, estatuak, proxenetek, puteroek  eta beste alde batera begiratzen duen gizarteak baino. Behin hau guztia kontuan hartuta, espazio horietan gertatzen den guztia jakinda beste aldera begiratzea zapaltzaileagaz aliatzea izango litzateke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!