Hainbat jenderen elkarlanari esker eta Kulturalaren mendeurrena aitzakia moduan hartuta, beteranoen futbol torneo solidarioa antolatuko dute ekainaren 15ean, Durangoko Tabira futbol zelaian. Hiru talde batuko ditu: Kulturala, Extremeño eta Juanito Maravilla Fundaziokoa. Azken horrek, Real Madrideko jokalari ohiak eta klub horri jarraipena egiten dioten kazetariek batzen ditu.
Sarrerekin batutako dirua lau elkarteren artean banatuko dute: Geu Be, Angelman Sindromea eta SFC-SQM Euskadi AESEC elkarteen, eta, Juanito Maravilla Fundazioaren artean. "Durangoko eta inguruko herritako herritarrei dei egin gura diegu Tabira futbol zelaia bete dezaten. Azkenean, elkarteei laguntzeko ahalik diru gehien ateratzea da helburua", azaldu zuen Txemi Lopez ekimeneko antolatzaileetako batek aurkezpen ekitaldian. Joseba Arana Kulturaleko ordezkariak ere "Tabira betetzeko" desioa adierazi zuen.
Partiduak hurrengo zapatuan, 11:45an, hasiko dira. 40 minutuko hiru partidu jokatuko dituzte. Sarrerak 5 euro balio du eta Tabira zelaian zein Durangoko hainbat taberna (Centro Extremeño, Udabarri, Ibaizabal, Anboto, Kale Kantoi eta Lorena degustazioan) eta establezimendutan eskuratu daitezke.
Iturrasperen kamisetaren zozketa
Partiduen artean hainbat kamiseta zozketatuko dituzte: Ander Iturraspe eta Fernando Pacheco jokalariena, Kulturaleko mendeurrenekoa eta Real Madrileko jokalariek sinatutakoa.
Juanito Maravilla Fundaziotik oraindik ez diete konfirmatu nortzuk etorriko dira, baina seguruenik Paco Buyo atezain ohia eta Pipi Estrada kazetaria egongo dira Durangora datozenen artean.